Gaur flipatu egin dut. Lehenengoz zapaldu dut Murgia (Araba), laneko bilera bat tarteko. Normalean autopistatik gidatzen noala pasatzen naiz inguru horretatik, baina gaur lankidea zihoan gidari, eta lasaitasunez erreparatu ahal izan diot inguruari. Paraje zoragarria benetan, egun batean patxadaz bisitatzen joateko modukoa.

Baina blog honen izena ez nuen kasualitatez jarri. Benetan txunditu nauena Udaletxeko plazaren ondoan topatu duguna da. Vending makina bat, txutxeak-eta saltzen dituzten horien modukoa, baina askoz ere handiagoa, zuri-zuria, eta botila hutsez beteta. Erdian, kartel handi bat: arabaesnea. Horra hor:

Esnea saltzeko makina Zuiako Udaletxearen ondoan

Araba Esnea logoBertoko ekoizleek esnea bitartekaririk gabe saltzeko makina! Aspaldiko kontua da, itxuraz,  baina, egia esan, orain arte ez dut honen berririk izan. Hiru litro hartu ditugu (bueno, lau: lehenengoa alferrik joan zaigu makinaren isurbidetik behera, esnea hartu aurretik botila hartu behar zela ulertu dugun bitartean ¬.¬) eta bihar probatuko dugu bulegoan. Bertokoek esan digutenez, gozo-gozoa da, eta itxura txarrik ez du egia esan.

Agro moment 3Makinak, gainera, aldez aurretik pasteurizatuta ematen du esnea, eta beraz zuzenean edan daiteke, egosi beharrik gabe. Ontzia ere norberak eraman dezake nahi izanez gero, eta makinan irakur daitezkeen kartelek hala egiteko, eta ontziak berrerabiltzeko aholkua ematen dute argi eta garbi. Ontzirik izan ezean, edo gu bezalako despistatuontzat, litro bateko plastikozko botilak eros daitezke argazkiaren eskuma aldean ikus dezakezuen gailu horretan. Botila bakoitzak 30 zentimo balio du, eta hainbat aldiz erabil daiteke. Esnearen prezioa, berriz, euro batekoa da litro bakoitzeko, baina ez dago zertan litro osoa erosi. Litro erdia ere har daiteke, esate baterako, 50 zentimotan.

Enfin, desiatzen nago biharko kafesnea hartzeko, ea zer moduzkoa den gaurko deskubrimendua. Bitartean, ekimenaren web ofizialean saltseatuko dut apur bat, ea zer kontatzen duten. benetan ideia ona iruditu zait, zorionak bultzatzaileei!

4 erantzun

  1. rozio 2009(e)ko urriak 1
  2. joxe 2009(e)ko urriak 1
  3. makilakixki 2009(e)ko urriak 1
  4. joxe 2009(e)ko urriak 1

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: