Astebete da, gutxi gorabehera, HTC Hero berria etxera iritsi zela, eta benetan inpresionatuta nago trastearen ahalmen guztiekin. Askok batzuek galdetu didazuenez, saiatuko naiz bizpahiru sarreratan azaltzen nola dabilen katxarrotxoa, ni gehien harritu nauten alderdiak behintzat azpimarratuz.

Herok Android sistema eragilea dakar, HTCk egindako aldaketekin. Aldaketa horiek interfazearen gainekoak dira batez ere, baina funtzionalitateari dagozkion beste batzuk ere badaude. Nabarmenena sare sozialak sistema eragilean ‘enbotatzea’ da: telefonoa lehen aldiz piztean, Androidek egin ohi duen bezala, noreberaren Google kontua sartzeko eskatzen zaigu. Baina horrez gain, Herok Facebook, Flickr eta Twitter kontuak sartzeko ere eskatuko digu.

Facebook eta Flickr kontuak telefonoko agendarekin eta argazki albumarekin uztartzen dira orduan: agenda irekitzen dugunean, aukera dugu telefono kontaktu bakoitza gure Facebookeko ‘lagun’ batekin estekatzeko, eta horrela, lagun horrek publikatu dituen egoerak, argazkiak eta ebentoak ere ikus ditzakegu agendan zuzenean.Nahi badugu, gainera, lagunak Facebooken zehaztu duen urtebetetze eguna edota kontaktuko argazkia erabil dezakegu telefonoan. Lagunak argazkia aldatzen duenean, gure telefonoko kontaktuarena ere eguneratu egingo da.

Argazki albumera goazenean berriz, telefonoan gordeta ditugun argazkiak zein guk eta gure lagunek Facebooken eta Flickr-en gordetakoak ere ikus ditzakegu, leku berean gordeta baleude bezala.

Twitterri dagokionez, momentuz ez dago agendarekin integratuta, baina telefonoak HTC Peep izeneko twitter bezero propioa dakar, telefonoko idazmahaian widget gisa integratzeaz gain, aplikazio independente erara ere erabil daitekeena. Testua, argazkiak eta geolokalizazioa ere konpartitzeko aukera ematen du.

Zuen begiekin ikusi nahi baduzue, aurrekoaren moduko beste bideo txapuzero bat prestatu dizuet. Ea zer deritzozuen! 😉

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.