Zapatila GPSdunak

SatNav Shoes, zapatila GPSdunak

Egin klik handiago ikusteko

GPSak benetako iraultza ekarri digu askori gidatzeko orduan, eta askoz lehenago iristen gara orain bilera eta halakoetara G&G (gelditu & galdetu) sistema tradizionala erabiliz baino. Bere arriskuak ere baditu, noski, baina tira, gauza guztiek dituzte aldeko eta kontrakoak.

Beharbada zuotako batzuek ez duzue autorik erabiliko, eta besteon inbidiatan egongo zarete motorizatuok badugulako GPSa erabiltzeko aitzakia. Tira ba: gaurko inbento honekin amaitu da kontu hori. SatNav Shoes izeneko zapatila GPSdun berriekin, batetik bestera oinez mugitzen garenean ere satelite bidez orientatu ahal izango gara.

Egia esan, SatNav Shoes hauek binaka saltzen badira ere, gatxeteria guztia ezkerreko zapatan dago. Haren mihiaren azpiko aldean LCD pantaila txiki bat eta botoi pare bat aurki daitezke. Haien bidez, uneko kokapeneko posta kodea eta helburukoa ere sartu behar ditugu, eta handik aurrera, zapata kontu-kontari hasiko zaigu, eman behar ditugun urrats guztiak banan-banan azalduz, zapataren atzealdean dagoen bozgorailuaren bidez.

lednavBaina lasai, ahozko jarraibideak (momentuz ingelesez soilik) ez baditugu ondo ulertu, zapataren puntan “LedNav Bubble” izeneko adierazgailu txiki bat aurkituko dugu, jarraitu beharrko norabidea gezi baten bidez adieraziko diguna. Hala pantailatxoa nola bozgorailuak material bereziekin eginda daude, hezetasuna eta abarrak ondo jasan ahal izateko.

Gustatzen? Tira ba, SatNav zapatilak Firebox bezalako online dendatan eros ditzakezu 129 liberatan (150 euro inguruan). Baina adi! Momentuz Inglaterrako posta kodeekin baino ezin dira erabili, ondo pentsatu erosi baino lehen!

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.