Zi-Fi

Gaiztoak gu geu garenean…

District 9 pelikulako irudi bat

Humans OnlyKrisiaren eraginez akaso, estralurtarrak zinemara bueltatzen ari dira (badakizue, beti esan da beldurrezko filmak jendearen benetako beldurrak uxatzeko egiten direla). Zientzia-fikzioa izugarri gustatzen zait eta, aitortu behar dut, Star Trek XIren estreinaldiak epel-epel utzi ninduenez (hots: ni frio ni calor), beste martzianada bat ikusteko gogoz geratu naiz.

Eta hara non aurkitu dudan nire martzianozaletasuna asetzeko ezin egokiagoa dirudien pelikula (Jainkoak bedeinka dezala Mac OS Xeko Front Row delakoa asmatu zuena): District 9 (ez , ez da Bilboko tugurio ezaguna). Itxura oso ona du behintzat: kontakizuna 90eko hamarkadan gertatzen da, Hegoafrikan. Alien ezin itsusiagoz betetako espazio-ontzi erraldoi bat (bai, V telesailekoen antzekoa) bertara iritsi da. Gizakion kontra oldartu beharrean, alderantziz gertatzen da: militarrek ontzia bahitu eta eskifaia suburbioetan bizi eta lanik astunenak egitera behartzen dituzte, armadarako lan egiten duen enpresa batek haien teknologia kopiatzen saiatzen den bitartean.

Antza denez (istorioa ‘asmatzen’ ari naiz irakurri ditudan apurretan oinarrituta), gobernuko agente bat estralurtarren bioteknologiarekin tratatzen dute esperimentu gisa, eta halako batean, agente hori Alien Spartacus moduko bat bihurtzen da, alien esplotatu gaixoen eskubide ‘ez-humanoen’ defendatzaile sutsua. Hona trailerra:

Ez-giza eskubideak (LOL!)Filma bera iristen den bitartean, bihotzez gomendatzen dizuet  webgune ofiziala bisitatzea (kontuz! Flashen erabilera intentsiboa egiten du eta!). Gizaki ala estralurtar gisa identifikatzeko eskatuko dizu (ingelesez only), eta horren arabera zu bezalakoak ez direnekin ondo portatzeko gomendioak, arauak eta abarrak eskainiko dizkizu. Bertan ikasiko duzu zer den Multi National United, estralurtarren teknologia eskuratzen saiatzen ari den eta legeak egin eta desegiten dituen enpresa, eta disidenteen berri ere izango duzu. Niri neuri asko gustatu zait, eta izugarrizko gogoa eman dit filma ikusteko. Bide batez, filmaren jatorria izeneko labur bat omen da. Nik ez daukat oso argi laburra Alive in Joburgo benetakoa den, ala filma promozionatzeko espreski egindakoa, baina, edonola ere, District 9 ikusteko gogoa areagotzen du :)

Gizakiak gaizto

Eta, prezio berdinean, film honek gizakiok (estralurtarrekiko) gaizto gisa agertzen garen bestelako zi-fi film edota telesailik ezagutzen duzuen galdetuko dizuet. Nik pare bat dauzkat gogoan:

Earth 2

Earth 2

Oso oker ez banabil, ETB2k eman zuen bere garaian, Tierra 2 izenburuarekin. hemendik 2.000 urtera, Lurplanetan ez dago bizitzerik, eta gizakiak espazio estazioetan bizi dira. Talde batek Lurraren antzeko planeta bat kolonizatzera joaten da, bizi adimendunik ez duelakoan, baina kolonoak laster konturatuko dira ez daudela bakarrik, eta nahi gabe bada ere kalte larriak eragiten ari direla. Kolono taldean, bide batez, denetarik dago: psikopata hiltzaile bergizarteratu bat orain irakaslea dena, erdi pedofiloa den beste bat, gaixo-gaixorik dagoen umetxo bat… Memoria freskatzeko, telesailaren introa bilatu dizuet, bai eta Sci-Fi kanalak hari eskainitako orri parea.

Alien Nation

1988ko (joe, nola pasatzen den denbora) Alien Nation filma poliziakoagoa da zi-fikoa baino, baina tira, estralurtarrak agertu agertzen dira, eta ez ditugu oso ondo tratatzen. D-9n bezala, espaziuntzi estralurtar batek matxura izan du, eta bere eskifaia, beste arraza batek genetikoki eraldatutako 300.000 esklabu, Los Angelesen ‘enpadronatu’ behar dira.

alien_nation
KONFIRMATUA: estralurtarra izateak ez du janzteko gustu onik bermatzen. Soineko urdina ikustea besterik ez dago.

Kasu honetan, estralurtarrak gizakion antzekoak dira, baina askoz ere azkar eta indartsuagoak: egundoko buru puska daukate, barruan egundoko burmuin puska ere gordetzen duena, noski. A! Eta galdutako esneaz mozkortzen dira, to eta no. Jende arruntak mesfidantzaz eta mespretzuz tratatzen ditu, oro har nahiko jatorrak badira ere. Bizi diren auzoei, esate baterako, zabortegi deitzen diete, eta haiei zaborra, izendapen politikoki zuzena ‘iritsi berriak’ bada ere.

Sykes detektibeak bere lankidea hil zuten ‘iritsi berriak’ aurkitu nahi ditu, eta horregatik soilik onartzen du Sam Francisco, polizian sartzea lortu duen lehen estralurtarra, lankide gisa. Poliziaren hilketaren hariari tiraka, sekulako droga trafikoko sarea aurkituko ute bien artean.

Filma oso arrakastatsua izan zen, eta pertsonaiak hobeto ezagutzeko eta haien eguneroko peripeziak istorio poliziakoekin nahastuta kontatzen zituen bi denboraldiko telesail bat ere egon zen. Hori ere ikusita daukat hemengo telebistaren batean, baina ez galdetu zeinetan.

Tira, ba horraino niri bururatu zaizkidanak. Eta zuk? Ezagutzen duzu estralurtarren aldean gaiztotzat jartzen gaituen pelikularik? Martzianoak ikusteko gogoekin nago eta!

2 iruzkin

  • Mirande
    2009(e)ko maiatzak 14 at 15:28

    Pelikula Peter Jackson ospetsuak ekoiztu du, asike, bere jarraitzailiak desiatzen eongo dia lehenbailehen ikusteko. Abuztuan estrenatzen omen due, beraz, pixkat itxoin berko da. Itxaronaldiya luzeegiya ez gertatzeko laxter etorriko zaigu Quentin Tarantino mesiasa.

    Reply
    • joxe
      2009(e)ko maiatzak 14 at 22:36

      Eta bitartean, zerekin entretenitu gaitezke?

      Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.