Erreparatu zure iratzargailuari. Kriston paketea diozu, ezta? Orain pentsa zer izango litzatekeen halako batean, zure ametsak eteteaz gain, bestelako trukotxoak egiten ikasiko balu: kapaza balitz, esate baterako, altxatu zaren ala ez jakiteko, eta horren berri emateko zure kafe makinari, berotzen hasi dadin. Edo armairuak bizi propioa hartu eta, zer jantziko duzun erabaki aurretik, eguneko eguraldi iragarpena emateko gauza dela. Edo etxeko giltzek abisua eman ahal dizutela lanera iristeko hurrengo autobusa pasatzeko ordu laurdena falta denean.

Gauzen internet 1
Sergio Recabarrenen argazkia, Flickr-etik hartutakoa. Klik originala ikusteko.

Ez, ez duzu kolpe txar bat hartu. Hori guztia —eta gehiago— badago inbentore eta ez hain inbentore askoren buruan, eta gaur egun posible da jadanik ‘ezohiko’ gauzak egiten dakiten tramankulutxoak aurkitzea. Objektu adimendunak dira, spimeak, elkarrekin eta internetekin komunikatzeko kapazak direnak, eta gauzen internet osatzen dute.

Horretaz guztiaz hitz egiteko konbokatu gintuen joan den igandean Gorka Juliok, gauzen interneten horrek gure inguru hurbilean izan dezakeen/izango duen formaz aritzeko, “guk erabaki ezean, enpresa handiek erabakiko dute eta”. Zazpi lagun bildu ginen Andoainen, eta egun pasa ederra egin  genuen gai honen inguruan.

Lehehengo eta behin, Gorkak gaiaz dakiena gainetik azaldu eta ‘gauzen interneten aditu’ izendatu gintuen gainontzekook (horrek gure herri endogamiko honetan dituen arrisku guztiekin). Gero oilaskoa Andoaingo erara gozatzeko aukera izan genuen, eta, arratsaldean, gaur egun eskura dauden zenbait gailu eta teknologia probatzen ibili ginen:

  • Pokenak ezagunak izango dituzue hemendik sarri pasatzen zaretenok. Bisita txartel birtualak dira, kontaktu informazioa erraz pasatzeko era eskaintzen dutenak. Nik daukadan bakarra eraman nuen eta tira, erakustaldi praktikoa egiteko bi gutxienez behar badira ere, oinarri-oinarrizko funtzionamendua-eta ikusi ahal izan genuen.
  • Mir:ror izeneko inbentotxoa ere erakutsi zigun Gorkak. RFID irakurgailu bat da, ordenagailura konektatzen dena. Irakurtzen duen RFID txip bakoitzari ekintza ezberdinak lotu ahal zaizkio: Gorkak, esate baterako, programatua dauka kartera barruan daraman bus txartela (nola du izena Gipuzkoako Creditransak?) ikustean hurrengo autobusen ordutegia erakuts diezaion. RFID txip horiek dituzten ztamp izeneko pegatak ere erosi ahal dira etxeko gauzetan itsatsi eta ‘adimentsu’ bihurtzeko: amonaren pilulen kutxan jarri ahal dugu bat, adibidez, eta horrela nahikoa izango dugu kutxa mir:roraren paretik pasatzea jakiteko noiz hartu dituen azkenengoz, eta noiz hartu behar dituen berriro.
  • Esperientzia frustrantearen ostean, nabaztaga ere Andoaingo erara bazkaldu nuen bihaamunean
    Igandeko esperientzia frustrantearen ondoren, astelehenean Andoaingo erara prestatu nuen Nabaztaga bazkaltzeko...

    Nabaztag untxi komunikatzailearekin esperientzia frustante samarra izan genuen. Lagun baten etxetik bahitu nuen nik halako bat, erakustaldia egiteko asmoarekin, baina untxi sindikalista samarra irten zitzaigun, eta ez zen  modurik egon igandean lan eginarazteko. Mir:ror-aren antzeko funtzionamendua du, baina Wi-Fi konexio propioa du Nabaztagak, eta autonomoagoa da, funtzionatzeko ez baitu ordenagailurik behar.

  • Azkenean, QR kodeekin ere saltseatzen egon ginen, eta proposamen interesgarria egin zigun Gorkak: kode horiek erabiltzea etxean hautsa pilatzen ditugun liburuak identifikatu eta ‘liburu biziak’ bihurtzeko. Etxerako lanak, beraz 😉
  • Liburuen kontuarekin batera, gainera, beste enkargutxo bat utzi zigun Gorkak: buruari buelta pare bat emateko, egunean ikusitako kontu guztiek norbere esparruan izan ditzakeen aplikazioak sortzeko: Nagorek eta biok kazetaritzaren / komunikazioaren esparruan, Maitek irakaskuntzan, hack.in#badakiguko Dabidek eta Josebak zein Unaik informatikan…

Oso bide interesgarria zabaldu zela iruditzen zait, eta horregatik luzatu nahi dizuet gonbitea bertan egon ez zinetenoi ere, Gorkak sortu duen wikia bisitatu, manifestua sinatu eta, jakina, ideiak eta erreflexioak uzteko. Horrez gain, liburu bizien liburutegiko libururen bat hartzea, edo liburutegia zuen aleekin aberastea ere bada parte hartzeko modu polita. Animatzen?

7 Comments

  1. Muxkilla 2009(e)ko martxoak 31
  2. susi 2009(e)ko martxoak 31
  3. ishikawa_ 2009(e)ko martxoak 31
  4. Dabid Martinez 2009(e)ko martxoak 31
  5. joxe 2009(e)ko martxoak 31
  6. Maite 2009(e)ko apirilak 1
  7. joxe 2009(e)ko apirilak 1

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.