Poken bat esku artean… …eta beste baten zozketa!!!

Pokenak zer diren eta zertarako balio duten lehengoan kontatu nizuen gainetik. Gaur berriz, halako batekin egun pare batean saltseatu ostean, nola erabiltzen diren kontatuko dizuet, eta txintxo portatuz gero, poken bat dohainik eskuratzeko aukera ere emango dizuet… adi-adi irakurri, e?

Kutxak zer dakarren

Poken bat, kutxatik irten berritanPoxpolu kutxa baten tamainako kutxa txiki-txikietan datoz pokenak, eta, egia esan, barruan ez duzue sorpresa handirik topatuko: pokena bera, eta zintzilik eramateko erabili daitekeen kordeltxo bat. Ez ongi etorriko esku orririk, ez ezer. Kutxaren atzeko aldean, hori bai, gure gailu berria aktibatzeko egin beharreko hiru pausuak, irudiz azalduta:

    1. Plastikozko babesa kendu: lehenengo eta behin pokenari eskua kendu behar zaio, tira eginez. Orduantxe konturatuko zara animalitxoa berez estalki bat baino ez dela. Gailua bera eskutxo zuria da. Animalitxoak estaltzen duen aldean, USB konektore bat aurki daiteke, kutxatik atera berritan plastikotxo batez babestuta dagoena. Pokena pizteko, plastikotxo hori kendu egin behar da. Orduan argitxo gorri bat piztuko da unetxo batez eta listo, gure pokena prest dago erabiltzen hasteko… eta pila gastatzen hasteko. Izan ere, poken bakoitzak botoi erako pilatxo bat du barruan, printzipioz 6-7 hilabete iraun dezakeena. PIlarik gabe, ezingo luke irrati bidezko komunikazioa egin urbiltzen zaizkion gainontzeko pokenekin.
    2. Ordenagailuarekin konektatu, USB ataka batean sartuz. Orduan konturatuko gara pokenak giga bat inguruko memoria duela, baina guk ezin dugula erabili, bere barne kontuetarako bakarrik da. Hala ere, hiru artxibo erakutsiko dizkigu pokenak ordenagailuan sartzean: autorun.inf, Windows erabiltzen badugu, pokenak automatikoki lan egin dezan; help.txt, laguntza testu txiki bat ingelesez; eta Start_Poken.html

poken_edukia

    1. Hain zuzen ere, Start_Poken.html artxibo horretan klik bikoitza egitea da azken pausua. Horrek gure nabigatzailea irekiko du, eta www.doyoupoken.com webguneko ongi etorriko orri batera eramango gaitu. Bertan, kontu bat sortzeko, edo jadanik sortuta daukagun kontua gure poken berriarekin lotzeko aukera izango dugu. Pokenik izan gabe ere erraz-erraz sortzen dira kontuak doyoupoken.com-en (baina ez dute ezertarako balio).

Ongi etorriko orria

Poken kontua

Pokenak zentzua izateko, garrantzizkoena da gure profila sortzea. Nolabait esateko, gure bisita txartelan zer informazio jarriko dugun eta zein ez pentsatu, eta horren arabera, datuak sortu gure poken profilean. Nortasun arazoak baldin baditugu, webguneak aukera ematen digu profil bat baino gehiago sortzeko, (laneko informazioarekin, lagunen artean konpartitzeko modukoarekin…). Guri buruzko informazioa sartzeko, gure poken profileko ‘Identities’ atalera jo behar dugu.

pokencardPokenen indargunea ‘Social Networks’ deritzon atalean dago. Sare sozial ezberdinetan ditugun erabiltzaile izen eta pasahitzak sartu behar ditugu hor, gero ‘pokentzen’ dugun jendeak gurekin zuzenean kontaktatzeko aukera izan dezan. Sare sozial piloa dago jadanik aukeran, batzuk oso ezagunak eta beste batzuk ez horrenbeste: twitter, facebook, flickr, linkedin, ning, myspace… denborarekin, gehiago sartuko direla diote egileek, bultzatzen dute Open Social estandarrera hurbiltzen doazen heinean.

Nahi ditugun sare sozialetako datuak sartuta, Details atalera jo dezakegu, eta bertan sartu horrelakoetan normalean eskatzen den informazioa: helbide elektronikoa(k) eta fisikoa(k), telefonoa(k), jaiotze data, profileko irudia… Dena osatu dugunean, ‘Design’ atalean aukeratu ahal izango dugu gure informazio horretatik guztitik zein erakutsiko den ‘pokentzean’, eta zein ez.

Gailua bera erabiltzen

Seguruenik, profila bera betetzea da parterik zailena. Hortik aurrera, informazioa trukatzea oso erraza da. Kalera goazenean, pokena duen beste norbait aurkituz gero, nahikoa da poken bien eskuak unetxo batez elkartzea, bostekoa ematea, kontaktuko informazioa elkarri pasatzeko. Informazio trukea ondo joanez gero, argi berde bat piztuko da pokenaren eskutxoaren barruan. Bestela, argi gorria ikusiko dugu, eta pokenen arteko ‘agurra’ errepikatu beharko dugu.

Gure solaskidea fidatzekoa den ala ez ez badakigu, pokenaren ‘mamu modua’ erabil dezakegu gure informazioa babesteko. Inor pokendu aurretik, klik bikoitza egiten badugu gure pokenaren eskuko botoitxoan, guk normal-normal jasoko dugu solaskidearen informazioa, baina berak gure ‘mamu’ bat besterik ez du ikusiko bere kontaktu zerrendan, kontaktu informaziorik gabekoa. Behin haren datuak egiaztatu, profil ezberdinak ikusi eta fidatzeko moduko laguna dela egiaztatu dugunean, aukeran dugu besteari gure profil normala ikusten uztea, ala mamua besterik gabe desagerraraztea.

Bisita txartela bera

Bisita txartel birtualaEzagutzen ez genuen norbait pokentzean, hor ondoko txartel horren antzekoa ikusiko dugu doyoupoken.com-era sartzen garen hurrengoan. Txartel horretan, erabiltzaileak berak erabakitako xehetasunak daude ikusgai testu gisa, eta gainera, konpartitu nahi izan dituen sare sozialen ikurrak ere agertzen dira, irudiaren azpian. Ikus bakoitzean klik eginda, erabiltzailearen sar horretako profilera sartuko gara zuzenean, haren informazioa ikusi eta harremanetan jartzeko. Momentuz, pokenek ez dute plataforma arteko interkomunikazio funtzioa betetzen (hau da, Facebook erabiltzaile batekin kontaktatzeko, norberak ere Facebooken mezularitza erabili behar du). Dena den, OpenSocial garatzen doan heinean, litekeena da gutxi barru interkomunikazio funtzioak ere ikustea doyoupoken webgunean.

Segurtasun neurriak

Hain informazio pertsonala daramaten gailuak izanda, segurtasunak berebiziko garrantzia izan behar luke, norberaren intimitatea eta abarrak defendatze aldera. Badirudi pokengileek oso kontuan hartu dituztela horrelako gauzak eta, horrela boteprontoan, bi segurtasun aukera interesgarri ikusi ditugu han-hemenka.

  • Sarbide automatikoa: Nahi izanez gero, erosotasunagatik, aukera dago pokena ordenagailuko USB atakan sartzean, gure profil pertsonalera zuzenean joateko, inolako pasahitzik-eta eskatu gabe. Oso aukera ona da pokenarekin gora eta behera bagabiltza, baina ez da batere segurua: izan ere, inoiz gure pokena galduz gero, edonork izango luke aukera horrela gure informazio guzia ez ezik, gure kontaktuena ere osorik ikusteko. Hori eiditeko, sistemak aukera ematen du pokena sartuta ere pasahitza eksatzeko, eta hori gomendatzen dute gainera.
  • Galdutzat eman: Pokena nonbait galduz gero, profiletik aukera dago pokena galdutzat markatzeko. Behin pokena galdutako gisa markatuta dagoenean, bere edukiak ikustezina bihurtzen dira, jabeak berak kontrakoa adierazi arte. Gainera, mezu bat ere idatz daiteke, eta pokena galdutzat ematen den bitartean, testu hori izango da bere edukitik irakurri ahal den bakarra. Galdutako pokena berriz aurkituz gero, webgunetik bertatik kendu ahal dugu klik batekin galdu-marka hori.

Poken gorriaLaburbilduz

Oso ideia ona, sare sozial elektronikoak eta kalekoak ondo uztartzen lagun dezakeena.

Aldekoak: ideia polita eta berritzailea, erabiltzen erraza, merkea, praktikoa

Kontrakoak: erabiltzaile masa handia behar du benetan eraginkorra izateko. Erabiltzaile izenak eta pasahitzak hirugarren bati eman beharra

Zuk zeuk dohainik probatu nahi?

Zuretzat nahi duzu ondoko poken gorri hori? Interesa duzuenok, utzi erantzun bat mezu honetan bertan (zer deritzozuen pokenari, inoiz ikusi duzuen, ideia ona ala txarra iruditzen zaizuen, abantailak, desabantailak, amarentzako agurra… edozer!), eta nik astebete barru, otsailaren 13an, egingo dut zozketa idatzi duzuen guztion artean, ados? Baietz erraza?!? Ale ba, idaztera eta zorte on!!!

Erantzunak (14)

  1. Maite 2009(e)ko otsailak 6
  2. Asier Lozano 2009(e)ko otsailak 6
  3. Igortxu 2009(e)ko otsailak 6
  4. ptx ! irratia.com 2009(e)ko otsailak 6
  5. Teketen 2009(e)ko otsailak 6
  6. joxe 2009(e)ko otsailak 6
  7. mikel 2009(e)ko otsailak 6
  8. Demonocrazy 2009(e)ko otsailak 6
  9. Aiora 2009(e)ko otsailak 6
  10. joxe 2009(e)ko otsailak 6
  11. Maite 2009(e)ko otsailak 8
  12. haritz 2009(e)ko otsailak 8
  13. softline 2009(e)ko otsailak 13
  14. Pernan 2009(e)ko otsailak 13