Trepetak

Berreskuratu zure kasete zaharrak

Gordetzen al dituzue oraindik aspaldiko musika kasete zaharrak? Eta ez duzue inoiz tentaziorik izan formatu digitalera inportatzeko? :-)
Berreskuratu zure kasete zaharrak 7 - teknopata.eus

Zuotako zenbatek gordetzen duzue oraindik 80-90eko kasete bilduma etxean? Denboran bidaiatzea bezala da lantzean behin walkman zaharrari hautsa kendu eta halako bat entzutea. Gurasoek txiki-txikitan oparitutako Heidiren kapitulu bateko zinta hura, Yoplait yogurrekin irabazitako Felix Rodriguez de la Fuenteren audiodokumentala, institutuko irratirako grabatutako hit bildumak, euskaltegian ezagututako lagunek kopiatutako diskoak, unibertsitate garaian egindako irratsaioen grabazioak, Mike Oldfielden diskografia zintografia osoa (edo kasik)… Baina , ai! Denborak ez du barkatzen, eta zintetako askok ez dute asko gehiago iraungo…

Nire kasete bilduma, hautsez betea

Zorionez, gaur egun badira moduak norberaren ondare audioelektromagnetikoa erraz eta arin digitalizatzeko moduak. Pare bat erakutsiko dizkizuet jarraian, baten bati zeozertarako baliko zaizkiolakoan ;)

Griffin iMic

imicNik neuk iMic izeneko gailua erabiltzen dut zinta zaharretako soinuak MP3ra pasatzeko. USB gailu bat da, ordenagailuari lineako audio irteera eta sarrera ematen dizkiona. Mac OS X eta Windows XPrako balio du (Vistarako ez, ojo!), eta 40 euro inguru balio du. Gailuarekin batera, bi kable berezi datoz: batek 3,5 mmko kabila bana du alde bakoitzean. Haietako bat zure walkman zaharreko kaskoetarako irteeran sartu, bestea iMic-eko ‘IN’ zulotxoan, eta, paketean dakarren Final Vinyl softwarea edo nahiago duzun besteren bat erabiliz, di-da batean pasatzen da kasetearen edukia disko gogorrera.

plusdeckexPlusDeck EX,  sibaritentzat

Behar sofistikatuagoak izanez gero, Koreako PlusDeck etxeak edozeinen libidoa pizteko moduko gutizia sortu du: PlusDeck EX izenekoa garai bateko musika ekipo txikien modukoa da: kasette irakurgailu-grabailua du, irrati hartzailea, lineako sarrera, eskuko telefonoetarako audio sarrera (!?!), eta USB ataka. Onena da, kaseteak ez ezik, audio sarrera horietako edozeinetik sartzen den audioa ere ordenagailura pasatzeko gauza dela (irratia barne). Hori bai: prezioa misterio hutsa da.

Bide batez, etxe berberak badu bigarren bertsio bat, PusDeck2c izenekoa, edozein ordenagailutako CDrako hutsune batean koka daitekeena, beste unitate bat balitz moduan. Erabilera profesionalerako-edo oso egokia izan liteke (kaseteek inoiz erabilera profesionalik izan badute, behintzat).

tape2pc_angle_lgTape2PC, erabiltzaile esperientzia osoa berreskuratzeko

Baina kaseteak erabiltzearen esperientzia osoa berreskuratzeko, onena seguruena ION Audio etxearen Tape2PC izango da. Pletina bikoitzeko kasete irakurgailu/grabagailu honek 80ko estiloa errespetatzen du ehuneko ehunean, bira kontagailua eta guzti, eta kaseteen edukia ordenagailura pasatzeaz gain, kasetetik kaseterako kopiak egiteko aukera ere ematen du, 150 euro inguruan. Nostalgikoentzako soilik, e?

4 iruzkin

  • Benito
    2009(e)ko otsailak 9 at 22:48

    Ondo gatxeto horiek guztiak, baina musiakaren kasuan jeneralean arinago egiten duzu disko hori sarean bilatu eta jaisten baduzu. Gainera kasu horretan pirateriarik ez dizute leporatuko. Segurtasun-kopiak ari zara egiten, ezta?

    Reply
  • joxe
    2009(e)ko otsailak 10 at 00:26

    Ai, kontua musika soilik denean bai, onena diskoa hor zehar bilatu eta jaistea… …baina Irola Irala Irratiko saioak? Eta Onda Corazónekoak? (Bai-bai, oso iragan iluna daukat nik gero!)

    Reply
  • Marti(n)
    2009(e)ko otsailak 10 at 00:52

    Delirium Tremens, Itoiz, Oskorri , Benito Lertxundi, Tapia eta Leturia (juergasmoan), El Libro de la Selva (!!!!!),…
    ejem, ejem,… edozein egunetan konturatu gabe arin-arinak dantzatzen edo Erribera ahapeka kantatzen aurkituko zaitugu…

    Hamaika ikusteko jaioak gara! bai horixe!

    Por zierto… zein da Enrique hori??
    Argazki konpletoa nahi dugu!!!

    Reply
  • joxe
    2009(e)ko otsailak 10 at 14:34

    Enrique hori Enrique del Pozo da, Anarekin zebileneko Great Hits bilduma bat da hor ikusten dena. Eta ez, ez dut argazi osoa jarriko. Den-dena ezin da esan eta!

     Aizue! Zuek ez duzue iragan ilunik ala?

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.