Atzo esan bezala, Palmek gaur aurkeztu ditu Las Vegasen gordeta zituen berrikuntzak, bere garaian eskuko gailuen erregina zen enpresa gaur egun dagoen hil ala biziko egoeratik ateratzeko azken aukera. Itxura batean behintzat, esango nuke primeran aprobetxatu dutela azken aukera hori, eta bi berrikuntza oso erakargarri aurkeztu dituzte, software berri bat, batetik, eta harekin dabilen telefono berri bat, bestetik.

WebOSen Synergy interfazea, txarteletan oinarritutakoa
WebOSen interfazea, txarteletan oinarritutakoa (argazkia: gdgt.com)

Softwareari dagokionez, Palm WebOS izena eman diote aurkeztu duten sistema eragile eramangarri berriari. Izenak berak adierazten duen moduan, gaur egungo web estandarretan oinarritzen da, eta aplikazioak programatzeko nahikoa ei da HTML, CSS eta javascript menderatzea. Erabiltzaile interfaz berria dakar, leihoetan baino, txarteletan oinarritutakoa, eta Synergy izeneko sinkornizazio teknologia, Googletik, Facebooketik eta Outlooketik hartutako informazioa (kontaktuak eta egutegia) nahastu gabe uztartzeko gauza dena. Hona azaldu dituzten ezaugarrietako batzuk:

  • Keinuen bidezko aginduak, ahalik eta botoi gutxien erabilita
  • Txartelek aplikazio asko batera erabiltzeko aukera ematen dute
  • Online eta offline bilaketak, batera: bilaketa kutxan idazten hasita, eduki lokalik aurkitu ezean, sistemak online bilatzeko aukera ematen du
  • Ohartarazpenek ez dute erabiltzailearen lana oztopatzen. Abisu bat iristen denean (mezua, deia, hiztordua…) unean erabiltzen ari den leihoa txikiagotu egiten da, baina lanean jarrai daiteke hala ere.
  • Erraza programatzen eta erabiltzen: helburu nagusitzat sistema eragilea ‘ikustezina’ izatea izan dute sortzaileek.

Sistema eragile berria estreinatzeko, Palm Pre izeneko telefonoa aurkeztu dute. Ukimen pantailaz gain, teklatu fisiko irristagarria ere badakar itxura guztien arabera HTCk fabrikatutako telefono berriak.

Palm Pre, Palmen gutizia berria

Gainontzekoan, hona bere ezaugarri nagusiak:

  • 3,1 hazbeteko pantaila, 320 x 480 pixeleko bereizmenarekin eta multitouch ahalmenaz
  • QWERTY teklatu irristagarri bertikala
  • Pantaila luzera zein zabalera erabil daiteke. Azelerometroek telefonoaren kokapena atzeman eta haren arabera egokitzen dute irudia automatikoki.
  • Texas Instruments OMAP prozesadore berria
  • EV-DO Rev. A telefono sarea (hau da, momentuz Estatu Batuetan baino ez dabil)
  • WiFi 802.11b/g
  • GPS
  • Bluetooth A2DP ahalmenarekin (estereo)
  • 8 Gigabyteko memoria
  • 3 megapixeleko kamara, LED flasha eta guzti
  • USB konexioa
  • 3,5mmko aurikular konexioa
Touchstone, ukimen bidezko kargadorea
Touchstone, ukimen bidezko kargadorea

Baina bada beste berrikuntza bat harritu egin nauena: oso ondo ulertu ez badut ere, Touchstone izeneko gailu bat aurkeztu dute: telefonoaren bateria kargatzeko gailu bat da, kablerik gabe funtzionatzen duena. Nahikoa da telefonoa kargadorearen gainean kokatzea, bateria kargatzen hasteko, inolako kablerik eta entxuferik gabe. Harrigarria, ezta? Hala ere, badirudi aparteko osagarri gisa salduko dutela, eta serieko kargadorea ohikoagoa izango dela.

Baina tira, argi-ilun batzuk ere aurkitu ditugu aurkezpenean. Besteak beste, honako hauek:

  • Telefono hornitzaile batekin lotzeko mania p@to horretan jauzi dira Palmekoak ere. Oraingo honetan, AEBetako Springek izango du esklusibidadea.
  • Prezioaz ez dute ezer komentatu
  • Estatu Batuetan 2009ko lehenengo seihilekoan egongo da salgai. Europan berriz, ‘very soon’.
  • Ez dute ezer esan konpatibilitateaz. Microsoft Outlook eta ActiveSync aipatu dute behin eta berriro. Mac eta Linux erabiltzaileok baztertu gaituzten ez dago jakiterik.

Hala ere, itxura ona hartu diogu katxarro berriari. Ikusiko dugu hurrengo egunetan zalantzak argitzen doazen ala ez…

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.