Appleren buruzagiak gutun bat argitaratu du enpresaren prentsa bulegoaren bidez, azalduz “desoreka hormonala” duela eta horregatik ez duela parte hartuko aurtengo MacWorld Expon.

Steve Jobs, MacWorld Exporen aurreko bi edizioetan. Bistan da osasunez ez dabilela oso ondo.
Jobs, MacWorld exporen aurreko bi edizioetan. Bistan da osasun arazoren bat baduela.

Era guztietako zurrumurruak zabaldu dira azken asteotan Appleren sortzaile, presidente eta gurua den Steve Jobsen osasunaren inguruan. Sagarraren enpresak abenduaren 16an jakinarazi zuenez, Jobs ez da izango Appleren bozeramalea MacWorld Expo delako azokan. Applek bihar bertan egin behar du aurkezpena bertan eta, lehen aldiz Jobs Applera itzuli zenetik, hizlaria beste bat izango da.

Albisteak Jobsen osasunaren inguruko zurrumurruak disparatu egin zituen, eta Appleren akzioek jaitsiera nabarmena izan zuten ondorengo egunotan. Izan ere, jakina da Jobsek pankreako minbizia pairatu izan duela. Tratamendua ondo gainditu omen zuen Jobsek, baina azken agerraldi publikoetan erakutsi duen egoera kaskarrak eta Expoan kale egite horrek susmo txarrak barreiatu dituzte. Applek horrelakoetan mantendu ohi duen erabateko isiltasunak ez du batere lagundu zurrumurruak desagerrarazten.

Gaur arte, behintzat. Izan ere, gaur bertan argitaratutako gutun batean, Jobsek azaldu du Expoan ez egoteko arrazoia osasun arazoak direla, baina ez dutela zerikusirik minbiziarekin. Idatzian irakur daitekeenez, “desoreka hormonal bat” omen du Appleko presidenteak, “gorputzak hazteko behar dituen proteinak lapurtu egin dizkiona”. Sendabidea erraza omen du elikadurarekin lotuta dagoen gaitzak, baina denbora beharko duena. Jobsek uste du udaberria pasata etorriko dela bere onera, eta Appleko presidente karguan jarraituko du bitartean. Gutunean esaten duenez, “neu izango nintzateke lehena eskua altxatzen presidentetzak eskatzen dituen zereginei aurre egin ezingo banio”. Appleren zuzendaritzak ere idatzi paralelo bat argitaratu du, Jobsekiko atxikimendua adieraziz.

Ikusteko dago noraino den fidagarria Jobsen azalpena, eta noraino marketing mugimendu bat jarraitzaileak, eta batez ere akziodunak, lasai mantentzeko. Dena den, gutunean azaldutakoa guztiz bat dator Jobsen elikadura ohiturei buruz dakigunarekin: begetariano zurrun samarra da Appleren buruzagia, eta badirudi minbiziaren berri izan zuenean ere, haren lehenengo erreakzioa dieta begetarianoaz sendatzen saiatzea izan zela.

Edonola ere, espero dezagun Jobsen gaitza oso larria ez izatea… eta Appleren biharko aurkezpenean zerbait benetan zirraragarria aurkeztea!

Erantzunik ez

  1. Pingback: zabaldu.com 2009(e)ko urtarrilak 7
  2. Pingback: Teknopataren txokoa > Jobs, bajan 2009(e)ko urtarrilak 15

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.