Eraberritu ala hil

Madrilen urrian egin ziren jardunaldietan, estatuko doako egunkari guztien arduradunek onartu zuten garai txarrak zetozela doako prentsarentzat, eta noreberarena salbu, noski, doako egunkari guztiek arazo larriak izango zituztela aurrera egiteko. Are gehiago, jardunaldiak urte bira errepikatuz gero, “hemen gaudenon erdiak ere ez gara egongo” aurreikusi zuen batek baino gehiagok.

Carlos Salas

Carlos Salas: "nire egunkaria globalena da". Kontatu hori orain INEMekoei.

Lau hilabete geroago, panorama benetan latza da doako prentsa komertzialaren sektorean: ADNren edizio digitala ixteko erabakia gauzatzeko epeak adostea baino ez da falta, Qué! eta Metroren hainbat edizio itxita. Kaleratze masiboak han eta hemen (jardunaldietan hain harro ibili zen Carlos Salas bera ere, Metroko zuzendaria, kale gorrian zegoen handik hilabete pare batera). Hori gutxi balitz, aste honetan bertan jakin dugu Metro argitaratzen duen multinazionalak bertan behera utzi duela Espainiako jarduera, eta lehengo osteguneko Metro egunkariak izan zirela azkenak, abenduan kaleratu zituen 40 lagunez gain, beste 83 kale gorrian utzita. Orain, zurrumurruek diote 20 Minutos ere haren bidetik joan litekeela laster, haren argitaratzaileak, Schibsted multinazional norvegiarrak, sarri kopiatzen baititu Metroren erabakiak. Edonola ere, panorama latza benetan sektore osoan.

Euskarazko doako prentsa ere hasi da igartzen publizitate krisiaren eragina, herrietako merkatari txikiek igartzen duten neurri berean. Ttipi-Ttapa telebistaren itxiera, esate baterako, Ttipi-Ttaparen komunikazio proiektu osoaren bideragarritasunari eusteko ahalegin gogorra izan da neurri handi batean. Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartu beharrean, hura areagotzeko ahaleginetan ari da jo ta su Nafarroako Gobernua euskarazko hedabideei dagokienez.

calleTestuinguru apokaliptiko horretan, hala ere, esperimentu bitxi eta atsegin baten berri izan nuen atzo. Doako aldizkari berri bat, digitalean soilik argitaratzen dena, baina paperezkoek duten diseinu eta itxurarekin, eta alde estetikoa oso-oso ondo zainduta. +CALLE du izena inbentotxoak, eta benetan merezi du probalditxo bat egitea.

Oso litekeena da +CALLE honek ere porrot egitea, oso polita izanda ere, azken finean ohiturazko animaliak baikara. Duen formatu hori ez da ez paperezkoa, ez ohiko webgunearena, eta horretara ohitu beharrak atzera botako du bat baino gehiago, seguruenez. Baina hala ere, apostu ausarta eta polita iruditzen zait, nik neuk gustura hartuko nuke horrelako bat euskaraz!

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.