Astrologoek-eta esaten dute zenbait planeta lerrotzen direnean oso-oso gauza txarrak, edo oso-oso onak, gertatzen direla. Niri ere antzera gertatzen zait batzuetan: lantzean behin, oso ondo jakin barik, laneko kontuak eta zaletasunak ‘lerrotu’ egiten dira, eta lerrotze horietatik txinpartak ateratzen dira.

KameratoiaOkasio berezi horietako bat izaten da ikus-entzunezkoen rallya, aurten hasita Kameratoia izena hartuko duena. Topaguneak antolatzen duen bideo lehiaketan, parte hartzaileek hamar orduko epea dute gehienez hiru minutuko bideo baten gidoia idatzi, irudiak grabatu, edizioa egin eta lana bukatuta entregatzeko. Hori gutxi balitz, lan guztia egunean egiten dela ziurtatzeko, jarraitu beharreko gai bat ere jartzen da, eta bideoetan derrigorrez agertu behar diren zenbait irudi ere ematen dira, lehiaketa egiten den lekuarekin lotutakoak. Tranparik egon ez dadin, gaia eta ezaugarri horiek egunean bertan jakinarazten dira.

Egundoko giroa egoten da goizean goiz hasita: gazte koadrillak urduri, bakoitza ordenagailu, kamera, tripode, mikrofono, mozorro eta abar luuuuzearekin gora eta behera. Elkarrekin eztabaidatzen gidoia nola josi, irudiak non grabatu, lana nola banatu… lehiakideen arazo teknikoak konpontzen laguntzeko ahaleginetan, elkarri materiala uzten… enpin, egundoko saltsa eta, onena, era guztietako ordenagailu, kamera eta bestelako gatxetolizunkeriez inguratuta. Zer gehiago eska dezake nilako teknopata sendaezin batek?

1.500 euroko saria? 1.200ekoa? 900ekoa akaso? Sari potoloak benetan, orain parteko parte hartzaileek erakutsi duten talentoaren neurrikoak. Eta saririk eskuratu ezean ere, mundu guztiak esaten du primeran pasatzen duela. Ez da gutxi, ezta?

Nik ezin dut parte hartu, baina irakurleon artean inor animatzen bada, gaur bertan ireki da 2008ko edizioan izena emateko aukera, eta azaroaren 28an amaituko da. Gehiago jakiteko, jo zuzenean Kameratoiaren webgunera.

[youtube:http://www.youtube.com/watch?v=Gf8GIMEADZ8]

2 erantzun

  1. JGabiMark 2008(e)ko azaroak 12
  2. joxe 2008(e)ko azaroak 12

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.