
Lan egunetan etxean bazkaltzea pribilejiatu gutxi batzuen eskura dagoen luxua bilakatu zaigunetik, lan harremanak (areago) gaiztotzera etorri den fenomeno berria sortu da: etxetik ekarritako aurreko eguneko sobrak bulegoko mikrouhinetako labe txiki, merke eta ezzzzin geldoagoan berotzeko ilara bukatuezinak.
Zorionez, lan baldintza mixerable espartanoen munduan badira gu baino askoz ere eskarmentu handiagoa dutenak, tartean, nola ez, japoniarrak. Mangak milioika ekoizteaz gain, bestelako gauzak ere egiten dituzte eguzki jaioberriaren lurraldean, hala nola, gaurkoan aurkitu dudan asmakizun harrigarri hau, laneko giroa lasaitzeaz gain, gure otorduak errespetatzen eta bezperako hondakinak bazkaria tenperatura egokian jaten lagundu zein mikrouhinen eragin kaltegarritik libratuko gaituena.
Zuekin… txan tatatxaaaan… janaria USB bidez berotzeko sakotontzi (edo fianbrera) elektrikoa!!!

Kanpotik, poltsa normal baten itxura du hot lunchbag delakoak. Barruan, ordea, aluminio anodizatuzko kutxa bat du, ordenagailuko USB portura konektatzean berotzen den erradiadore moduko bat, eta poliestirenozko isolamendua, bero hori ez galtzeko. Gehienez, 60 graduko tenperaturara iris daiteke makinatxoa, makarroiak berotzeko nahiko eta soberan!
Eta onena, zalantzarik gabe, prezioa da: Hot LunchBag delakoa THANKO enpresaren webgunean eros daiteke 1980 yenetan (16 euro inguru!!!). Nor animatzen da nirekin batera eskari masibo bat egiten?
Ekarri eizu aparatoa domekaren baten. Zozer pikatzeko.
Bufa… EiTBko USBak Wifiaren moduan badabiz, hobe dugu kanpingasarekin saiatzea! 😛
Ideia ona, baina badu baita edatekoa berotzeko (lanean teknopata zintzoa dela onartuko dut eta ez duela behar garagardoak hozteko tresnarik).
Baietz esan aurretik galdera bat, beno bat baino gehiago:
ze tamaina dauka? Argazkikoan ez dut uste nire tuperra sartzen denik
Metalezko, plastiko eta kristalezko ontzientzat balio du?
eta zikintzen bada, garbitu daiteke?
Ekarri pare bat niretzako.
Bulegoan, barkatu, tabernan, ni baino arkaikoagoak diren lagunen aurrean, eta egon badaude, alajaina, apur bat, “luzitzeko”.
Ei! Edatekoa berotzeko USB Mug hori bulegoko mahai gainean daukat, baina egia esan…ez dabil oso ondo.
Super hot bag hartzeko zerrendan sartu mesedez 😀