Komunikazioa

Googlek azken 250 urteotako egunkariak digitalizatu nahi ditu

Googlek azken 250 urteotako egunkariak digitalizatu nahi ditu 1 - teknopata.eusMultinazionaleko agintariek hil honen hasieran azaldu dutenez, Googlek proiektu berri bat sortu du, azken 250 urteotako egunkariak osorik digitalizatzeko. Proiektuari hasiera emateko, Ipar Amerikako kazeta bakan batzuk aukeratu omen ditu Googlek, tartean kontinenteko zaharrena omen den The Quebec Chronicle-Telegraph.

Googlek azken 250 urteotako bilioka prentsa artikulu jarri nahi ditu online, egunkariak ere online jartzen ari diren gainontzeko offline materialari gehituz. Enpresako arduradunek esan dutenez, konpainia prest dago “artxiboa bere esku jarri nahi duten egunkari guztien digitalizazio gastuak ere gain hartzeko”. Digitalizazio horien emaitzak, gainera, dohainik eskainiko ditu bilatzaileak bere albiste atalean, argitaratu ziren jatorrizko itxura berdinarekin.

Eskaintza borobiltzeko, Google prest azaldu da bilaketa emaitzetan erakusten dituen albisteen publizitate sarreren zati bat jatorrizko argitaletxeekin konpartitzeko. Gauzak horrela, egunkari handietako argitaratzaileeek pozez hartu dute albistea, orain arte geldi zeukaten baliabide bat martxan jartzeko aukera emango dielako.

Besterik pentsatuko dute, seguruenik, edukiak digitalizatzera eta horiek saltzera dedikatzen diren enpresek. Googlek iragarri duenez, haietako batzuekin elkarlanean dihardu proiektua aurrera ateratzeko, baina mutinazionalak kontuari serio ekinez gero, nekez izango dute gainontzeko enpresa txikiek harekin lehiatzerik.

Enpresa ikuspegitik kanpo, neuri behintzat ez dit ilusio handirik egiten hemendik urte batzuetara Google izatea egunkari nagusien artxibo nagusia, batez ere jakinda nolako erraztasuna duen botere handien zentsuratzeko gogoei men egiteko. Egiaren Ministerioa gero eta hurbilago daukagula esango nuke batzuetan.

Via: Infoperiodistas

2 iruzkin

  • txerra
    2008(e)ko irailak 25 at 14:47

    Euskarazko zenbait egunkari digitalizatuta daude. Zenbait aldizkari ere bai. Zergatik ez ditugu denak digitalizatzen? Google-k egin nahi badu, zerbait berezia delako izango da, ezta? Baina guk jarraitzen dugu gurean, betiko moduan, indar handia egiten proiektuetan eta indar gutxi egiten edukietan, y así nos va ….

    Reply
  • joxe
    2008(e)ko irailak 27 at 15:20

    Txerra:

    Euskarazko aldizkarien kasuan, gaur egun bizirik dirautenenean behintzat, nik esango nuke guztiak daudela digitalizatuta (ordenagailuan zuzenean sortzen dira, eta kasu gehienetan inprentara ere PDF formatuan doaz). Besterik da berez formatu digitalean dagoen informazio horrekin zer egiten den, inolako artxibo tratamendurik duen, eta abar.

    Badakit beti negarrez ibiltzea dela, baina ezin da ahaztu euskarazko prentsaren baliabide eskasia. Lehentasuna eguneroko jarduna mantentzean jarrita dago eta noski, horrek bazter uzten ditu oso baliagarriak liratekeen beste kontu batzuk.

    Google serio jartzen bada prentsa artxibatzearen kontu horretan, beharbada euren esku jarri beharko da euskarazko prentsaren fondo dokumentala, artxibistika lana eurek egin dezaten. Piztia elkiatzea izango da, baina mesedegarri ere suertatu ahal zaigu, ez dakit…

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.