Gas pozoitsuen zantzuak Mac Pro ordenagailuetan

Duela urtebete inguru, Appleren Mac Pro ordenagailuen erabiltzaile asko arazo bitxi baten berri ematen hasi ziren: makinak normal funtzionatu arren, luzaroan piztuta utziz gero, kirats kimiko jasangaitza sortzen hasten ziren. Arazoaren inguruko kexak agertu ziren bezala desagertzen joan ziren, eta Applek ez zuen haren inguruko batere azalpenik eman.

Mac Pro baten barrenak. Ederrak bezain pozoitsuak?

Ederra... ...baina pozoitsua?

Bada , gaur bertan Libération egunkari frantsesak argitaratu duenez, Mac Pro horien usaina oso toxikoa izan liteke. Dirudienez, CNRSko biologo molekular batek arazo larriak izan zituen bere Mac Proaren puzkerren ondorioz: begien eta laringearen irritazioa, hazkura eta abar… Appleren erantzun falta, eta arazoa erabiltzaile askorena zela, ikusita, makinak isuritako gasen lagina bildu eta Greenpeacerako lan egin ohi duen Analytika laborategietara bidali zuen, azter zezaten.

Emaitza, beldurgarria benetan: laborategiko analisiek(PDF) ez bat, ez bi eta ez hiru; ZAZPI osagai toxiko aurkitu zituen zientzialariak bidalitako lagin horretan, tartean estirenoa eta benzenoa. Azken horren erabilera guztiz debekatua edota zorrotz-zorrotz mugatuta dago ia mundu osoan, ondo ezaguna baitira haren ezaugarri kartzinogenoak.

Applek ez du tutik ere esan kontu honen inguruan, baina arazo handiak izan litzake orain egiten ari den bigarren analisiaren emaitzek gai toxikoon presentzia berretsiz gero. Sonyren bateria lehergarrien kontua hutsaren hurrengoa litzateke Mac Pro ezagun (eta garestietako) batzuek behintzat aukera asko dituztela erabiltzaileari minbizia sortzeko.

Honezkero definitiboa da: Appleren kalitate kontrolak ez dira garai batean bezalakoak. (Kontatu dizuet otsailean erositako MacBook Pro ustez goreneko kalitatekoarekin dudan arazotxoa?). Gauzak horrela badoaz, askok amaituko dugu Joxe Arantzabalen (edo Jabi Zabalaren) bideari jarraituz!

Via: Hardmac.com

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.