Hau bai lasai bizi!Gustuak gustu, meritu ukaezin bat izan du Applek zorioneko iPhonea merkaturatzean: astinaldi ederra eman dio telefoniaren munduari, eta oraindik ikusteko dauden ondorioak izango dituen lurrikara eragin du merkatua. Telefono egileek ‘pilak jarri dituzte’, eta itxuraz gutxienez errukirik gabeko lehia prestatzen ari dira. Make no prisoners!

  • Lehenengo eta behin, Google sartu zen tartean, ordura arte ezezaguna zen Android sistema erosita. Telefonoetarako kode irekiko plataforma sortzeko helburua omen du Googlek, GNU/Linux eta Googlek berak garatutako Java librerietan oinarrituta.
  • Zenbait fabrikantek, haien aldetik, Microsoft presionatzen hasi dira Windows Mobile sisteman txertatzeko Applek iPhonearekin estreinatutako zenbat kontzeptu: multitouch’ sistema, ukimen bidezko pantaila, puntero batez baino, atzamarrekin maneiatu ahal izatea. Horretan nabarmentzekoa da HTC etxeak ‘Touch Flo’ delako interfazearekin egindako lana. Microsoftek amore eman behar izan du presio horren aurrean, eta norabide horretan doazen aldaketak iragarri ditu Windows Mobile 7rako.
  • Nokiak ere ezusteko handia eman zuen aurrekoan, Symbian osoa erosi duela eta era librean banatuko duela iragartzean.

Neo FreerunnerBaina guztietan harrigarriena, gaur bertan jakin dudan albistea da (aspaldikoa bada ere). Datorren astean, antza, Neo Freerunner izeneko terminal berria aterako du Openmoko proiektuak (ez egin barrerik!). Lehenengo segapoto Linuxduna izan behar zuela uste nuen, baina hara non jakin dudan Freerunner hau hori baino lehen Neo 1973 izeneko beste bat ere saltzen zutela lehendik (arazo dezente eman omen dituena, portzierto). Otsailean saldu omen zuten haren azken unitatea, eta harez geroztik ez dute gehiago fabrikatu.

Datorren astean merkaturatuko duten Freerunner horrek ez du batere itxura txarrik:

  • 400 MHzko ARM CPU
  • Hiru bandako GSM konektibitatea
  • 2,8 hazbeteko VGA ukimen pantaila
  • Wi-Fi
  • AGPS
  • GPRS (2.6G)
  • Bluetooth 2.0
  • 128 MBko WSDRAM
  • 256 MBko flash memoria
  • MicroSD irakurgailua (eta 512Mbko txartela ere bai, antza -mila esker ohartarazteagatik, Julen!)
  • Openmoko GNU eta hura erabat pertsonalizatzeko beharrezko aplikazio guztiak.

Hori guztia, eta gehiago ere bai, 399$ /320 euroren truke, Openmokoren beraren denda elektronikoan, edota baimendutako banatzaileetan.

Esklusibitatea, kontratu itxiak eta abarrak nagusitzen ari diren telefonoen merkatuan, aukera interesgarria dirudi telefono %100 librea izatearena. Ea zer dioten lehenengo erosleek!

2 erantzun

  1. Julen 2008(e)ko uztailak 3
  2. joxe 2008(e)ko uztailak 3

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.