ENIAC, lehenengo ordenagailua 3001PC informatika denda bizkaitarrak bere burua ezagutarazi nahi du inguruko frikion artean. Eta modu benetan erakargarria aukeratu du horretarako: lehiaketa bat antolatu du, bilatzeko EAEn oraindik erabiltzeko moduan dagoen ordenagailurik zaharrena. Haren jabeak Lenovo N200 eramangarri bat eramango du etxera. Gainera, beste bat zozketatuko dute lehiaketan parte hartzen duten lagun guztien artean.

Parte hartzeko modua erraz-erraza da: lehenengo eta behin, izena eman behar da horretarako jarri duten formularioan, gero Euskadiko ordenagailurik zaharrena izateko aurkezten duzun hautagaiaren argazkiak eta deskribapena igo… eta kitto! Uztailaren 30era bitartean jasotzen dituzten hautagaien artean makinarik zaharrena zein den argitu eta haren jabeari emango diote portatil berria. Gainontzeko parte hartzaileen artean, esan bezala, beste bat zozketatuko dute.

Badaezpada, hona argipen batzuk parte hartzeko baldintzen inguruan:

  • Lehiakide bakoitzak nahi beste makina aurkez dezake. Parte hartzeko, derrigorra da Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.
  • Ordenagailutzat joko dira mahaigaineko PCak, portatilak, Spectrumak ‘eta beste edozein motatakoak’. Imaginatzen dut Macintoshek ere balioko dutela, ezta?
  • Lehiaketan parte hartzeko DERRIGORRA DA ordenagailuak funtzionatzea eta erabilgarri egotea
  • Parte hartzeko azken eguna uztailaren 31 da
  • Oinarri osoak hemen aurkituko dituzue (gazteleraz soilik)

Orain arteko lehiakideak, berriz, hemen daude ikusgai. Laster izango dute hor neure makinaren baten berri, kar-kar-kar! Animatu eta parte hartu (ahal duzuenok behintzat!). Oporren arteko tarteari emozio pixka bat emango diogu horrela, ezta?

Utzi zure erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.