Teklatu osoaLehengoan kontatu nizuen bezala, arazotxoak izan ditut erosi berri dudan Freedom Universal Keyboard teklatua behar bezala erabiltzeko. Eskumaldeko puntuazio zeinuak txarto banatzen ditu driverrak, eta beraz, kortxetearen teklari ematean koma ateratzen da, komari sakatzean galdera ikurra agertzen da, eta horrela ad infinitum… Baldintza horietan, ulertuko duzuenez, nekez erabil daiteke teklatua ezertarako.

Freedom Input etxeko teknikariek erantzuten didaten bitartean (arazoa aztertzen ari direla gutxienez esan didate), konponbide propioen bila hasi naiz eta, halako batean, arazoa konpon dezakeen aplikazio bat ere aurkitu dut: AEKMap delakoa.

AE Keyboard Map konfigurazioaAplikazio txiki bat da, Windows Mobile eta Symbian sistema eragileetan oinarritutako gailuentzat, aukera ematen duena kanpoko teklatuen tekla mapa editatzeko. Egileak, Alexander Eltsyn errusiarrak, arazoak izan ditu sarritan sakelako gailuekin kanpoko teklatuak erabiltzerakoan, eta horri aurre egiteko aplikazio propioa sortu du.

Konfigurazioa erraza da, baina pazientzia apur bat ere behar du: testu artxibo batean idatzi behar da tekla bakoitzari zer karaktere kode dagokion, eta gero aplikazioari esan artxibo horrekin funtzionatzeko. Ez naiz ur handitan sartuko, baina komeni da azalpen zehatzak irakurtzea. Horiei jarraiki, neure arazoa konpontzeko artxiboa sortu dut, eta orain primeran dabil teklatua. Badaezpada, neure teklatuari dagokion tekla mapa zuzendua hemen utzi dut, baten bati inoiz mesedegarri egingo zaiolakoan.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.