Ez, ez, lasai, ez nator Euzkal Errian Euskaraz atalerako harribitxi horietako batekin… Kontua da albiste bat irakurri dudala gaur Borochi lagunaren blogean, eta, tira, hunkitu egin nau, zer nahi duzue ba!

Sonic kirikinoaKontua da gaurkoan 17 urte bete dituela Sonic kirikinoak, SEGA etxe japoniarrak MegaDrive bideokontsolaren lantzamendurako sortutako pertsonaiak. Kontsolena, ez dakit zergatik, sekula ez zait iruditu oso kontu erakargarria eta, hain zuzen ere, MegaDrive hura izan da bizitza osoan niretzako erosi dudan bideokontsola bakarra. (Gaur egun Borochiren museoko fondoetan ondo gordeta dago, bide batez).

Orduak eta orduak eman genituen arrebek eta hirurok Sonic-en jatorrizko jokoa pasatu nahian… …partidak gordetzeko modurik ez zegoen garai hartan! Kontsola gaixoak orduak eta orduak ematen zituen piztuta, ‘pausa’ moduan, gurasoek etxeko telebista bakarran gaueko filma edo dena delakoa ikusten zuten bitartean.

Etxeak aldatu dira, eta arrebak, eta ni… eta Sonic bera ere bai. SEGAk jadanik ez du kontsolarik egiten. Sonyk eta, batez ere, Microsoftek bideojokoen munduan sartzeko egindako azpijokoek jokoz kanpo utzi zuten aspaldi.

Hori bai, bideojokoak egiten ditu oraindik, eta Sonic —nola edo hala— bizirik mantentzen saiatu da: lagun berriak jarri dizkiote, 3Dko grafikoak, ez dakit zenbat mugimendu eta ahalmen berri… alferrik. Uste dut nekez lortuko dutela berriro lehenengo bertsio hark zeuzkan bizitasun eta freskotasuna.

Enpin, gaur 17 urte bete ditu kirikinoak… eta gu ere 17 urte zaharrago gara. Ospatzeko, bada, hona omenaldi ilaun eta arritmikoa. (Adi erdiko morroiaren galtzerdi zuriei eta haien erritmo ‘frenetikoari’!):

[youtube:http://es.youtube.com/watch?v=A09VcLhJjuI&feature=related]

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.