Internetekiko adikzioa gaixotasuna da. Halaxe dio Jerald Block psikiatrak The American Journal of Psichiatry aldizkari espezializatuan.: bideojokoetan denbora larregi emateak, sareko pornografia ikusteak, posta elektronikoak eta berehalako mezularitzak nahaste konpultsibo-inpultsiboa eragin dezakete psikiatraren arabera, eta kontua hain da larria non gaixotasun psikologikoen zerrenda ofizialean sartzea ere proposatzen duen.

Saremenpekotasunak lau ezaugarri edo sintoma nagusi izango lituzke, Blocken arabera:

  • Sarearen gehiegizko erabilpena, sarritan denborren neurria galtzera edo oinarri-oinarrizko beharrei muzin egitera daramana.
  • Beldurra, ezinegona edota haserrea ordenagailua ezin erabil daitekeenean.
  • Ordenagailu hobearen, aplikazio berriagoen eta denbora gehiagoren behar konpultsiboa nabigatzeko orduan.
  • Eragin negatiboa: gezurretan aritzea, errendimendu txikia lanean, isolamendu soziala eta nekea, besteak beste.

Teknopata bai… baina neurriz, gero!

Blockek dioenez, gaitz berriak gehien zigortutako herrialdeen artean Hego Korea dago: azken boladan, hamar lagun hil dira bertan, ziberkafeetan egunak eta egunak eserita pasatu ondorengo odolbatuen eraginez, eta beste lagun bat ere erahil egin dute online joko bat zela eta ez zela. Bertako gobernuak ere larritzat jotzen du arazoa: kalkuluen arabera, Hego Koreako 210.000 ume inguru daude tratamenduren baten beharrean, eta litekeena da haien %80k drogak ere behar izatea burua onera ekartzeko. Bertako nerabeek, batez beste astean 23 ordu ematen dute online jokoetan. Txinan ere, agintariek uste dute hamar miloi gazte izan daitezkeela gaixotzeko arriskuan. Estatu Batuetan —eta gure artean ere bai— zailagoa da gaixotasunaren zabalkundea neurtzea, internet kontsumoa intimoagoa delako: ziberkafeek eta antzekoek ez dute Korean edo Txinan duten garrantzia.

Kezkatzen hasi zara hau guztia irakurrita? Lasai: Blockek adikzioa antzemateko test sinple bat ere proposatzen du. Ondoko galderatako bosti baino gehiagori baiezkoa emanez gero, adikzioa garatzeko arriskuan zaude:

· Internetek kezka sortu ohi dizu? (Denbora ematen duzu zure online jardueraz pentsatzen edo aurrez prestatzen?)

· Gero eta denbora gehiago behar duzu sarearekin asebetetzeko?

· Porrot egin al duzu internet erabilera kontrolatzeko, murrizteko edo erabat uzteko ahaleginak egitean?

· Ezinegona, depresioa edo haserrea sentitzen duzu internet erabilera murrizteko edo erabat uzteko saiakerak egitean?

· Aurreikusitakoa baino denbora gehiago eman ohi duzu konektatuta?

· Arriskuan jarri duzu inoiz harreman garrantzitsu bat, lanpostu bat, aukera akademiko edo laboral bat internet dela bide?

· Gezurrik esan diozu familiari, sendagileari edo besteren bati internetekiko duzun atxikimendua disimulatzeko?

· Erabiltzen duzu sarea arazoetatik ihes egiteko (inpotentzia, errua, antsietatea, depresioa edo antzeko sentimenduak ahazteko)?

Zintzo-zintzo eranzun eta, badakizu, bost baiezko baino gehiago badituzu, malo! Bide batez, emaitza kezkagarria baldin bada, hemen aurkituko duzu test zehatzago bat (ingelesez).

Ale, denok desintoxikatzera!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.