Big BrotherRDF, edo Errealitatearen Distortsio Eremua, halaxe deitzen zaio  Appleren sortzaile eta burua den Steve Jobsek duen ahalmen bereziari (ez, ez da txantxa). Keynote edo aurkezpen publiko batean agertzen den bakoitzean, berezko erraztasuna dauka entzuleei, adiskideei zein arerioei sinestarazteko edozein aurrerapen (edo diseinu aldaketa) gurpilaren asmakuntza baino garrantzitsuagoa dela, eta mundua goitik eta behera eraldatuko duela. Honelako barrabaskeriak egiten dituen multinazional bat munduko enpresarik cool eta txatxiguayena dela ere sartu ahal digu buruan Steve Jobsek di-da batean.

Apple PowerPC prozesagailuekin lan egiten zuenean, Jobsek azalpen luuuze mamitsuak ematen zituen haien abantaila izugarrien inguruan eta, batez ere, Intel prozesagailuen ahalmen eta abiadura barregarrien inguruan. Megahertzioen mitoaren kontzeptua ere asmatu zuen: Intel prozesagailuen abiadura nominala askoz handiagoa zen PowerPCena baino, baina horrek ez zuen axola: Intelek zazpi Ghz eta PowerPCk bi izanda ere, berdin zion, PowerPCek Intelek baino askoz ere eragiketa gehiago egiten baitzituzten ziklo edo Hertzio bakoitzeko. Eta maczaleok, amen.

Megahertzioak soilik kontatzeak ez zuen balio lehen... ...orain  bai, e?Halako batean, Applek erabaki historikoa hartu, PowerPC baztertu eta Intel prozesagailuak erabiltzen hasi zen. Akabo Megahertzioen mitoa. Egun batetik bestera, barraskiloen moduan arrastaka zebiltzan Intel prozesagailuak munduko asmakuntzarik onena bihurtu ziren PowerPCak baino bost bider azkarragoak, eta Apple, jakina, haien zale amorratu. Eta maczaleok, zer erremedio, amen. 1984 irakurri duzue?

Bere ahalmen miragarriaren beste erakusgarri bat eman zigun Jobsek atzo bertan, MacWorld azokako aurkezpenean. MacBook Air portatil berria izan zen izarra:

  • bateria ezin zaio aldatu, Appleren zerbitzu tekniko batean ez bada
  • ez du disko optikorik
  • disko gogorra 80 Gbkoa baino ez du
  • USB ataka bakarra, bideo irteera eta kaskoetarako konektoreaz gain, ez du bestelako konexio fisikorik: ez FireWire, ez Ethernet
  • pantaila ere, begietan min ematen duten distiratsu gorrotagarri horietakoa du
  • prozesagailua motel samarra da gaur egungo estandarretarako

Baina, hori bai, mehe-mehea da Mac eramangarri berria, eta oso pisu txikia du. Prezioa, berriz, prozesagailu bikoitza, era guztietako sarrera-irteerak, bateria aldagarria eta disko optiko propioa duten MacBook Pro zaharren antzekoa. Haaaara! Hori berrikuntza! Mundu guztia txundituta.

Eta tira, neu ere ez naiz libratzen RDFaren eraginetik, e? Desiatzen nago orain arteko MacBooketan dagoeneko tokatzen den berrikuntza minimoa iragartzea aurreztuta ditudan lau sosak portatil berri bat erosten gastatzeko. Baina noizean behin halako ‘argiuneak’ izaten ditut, eta aluzinatu egiten dut Jobsen botereekin. Gaurko argiunea, bide batez, Joseba danbolinerokuak Twitterren utzi duen perlari zor diot. Hona RDFren adibide praktiko eta barregarria. Ingelesez dago, baina nahiko erraz ulertzen da:

4 erantzun

  1. Julen 2008(e)ko urtarrilak 17
  2. Julen 2008(e)ko urtarrilak 17
  3. joxe 2008(e)ko urtarrilak 17
  4. Julen 2008(e)ko urtarrilak 18

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.