Ikus-entzunezkoen Rallya

Lehengoan, abenduaren 29an, Elgetan pasatu nuen eguna, lanean, Topaguneak antolatzen duen Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallyan. Egunaren beraren inguruan ez dizuet asko kontatuko, kronika ‘ofiziala’-edo rallyaren beraren blogean aurkituko duzue, eguneko argazkiekin eta (laster) bideoekin batera.

Espaloia Kafe Antzokia, oso osorik guretzat

Baina egunean gertatutakoaz baino, inpresioen inguruan utzi nahi ditut hemen nire komentarioak. Espero nituenak baino askoz ere hobeak izan zirelako, seguruenik. Aipamen batzuk baino ez ditut egingo…

  • Teknopata gisa hitz eginda, egunak parada ederra eskaini zuen beste ‘gaixo’ batzuk ezagutzeko eta haiekin aurrez aurre hitz egiteko: Iban Arantzabal, JGabiMark Danbolinerokua eta epaile lanak egiteko ‘engainatu’ genuen Haritz Xuriken Rodriguez ezagutzeko aukera izan nuen Elgetan. Eta plazer handia izan zen hirurak ere ezagutzea.
  • Are plazer handiagoa oraindik, eta sorpresa benetan atsegina, Elgetako Espaloia Kafe Antzokiko jendearekin lan egitea. Antzokia bera izugarria izateaz gain, oso-osorik jarri zuten gure esku bertako langileek: proiektore erralodiarekin nahi izan genuena egiten utzi ziguten antolakuntzakoei, parte hartzaileei ate guzti-guztiak zabaldu zizkieten nahi zituzten txoko guztiak erabiltzeko, euren lana utzi eta guri laguntzeko prest egon ziren egun osoan… jarrera hori argi eta garbi islatu zen egun osoan bertan egon zen giro apartan. Mila esker gurekin jo eta ke ibili zen Gorkari, baina baita sukaldeko jendeari, arratsaldeko txandako zerbitzariei, garbiketako jendeari… Eta bide batez, ezagutzen ez duzuenok bertatik animatu nahi zaituztet Espaloira hurbiltzeko. Wi-Fi doan eta nahi duenak erabiltzeko MacBook pare bat ere badute!
  • Aurreko horren guztiaren eraginez, lehiakideen jarrera ere harrigarria izan zen: sari potoloak jokoan egonda ere, giro paregabea egon zen egun osoan taldeetako jendearen artean, han ibili ziren gora eta behera elkarri materiala uzten, sari banaketaren aurreko momentuak oso dibertigarriak izan ziren… enpin… haiei ere mila esker, eta, benetan, lastima guztiontzako sariak ez egotea (beno, antenatxoak bai izan ziren guztientzat, e?). Bide batez, guztiok ere flipatu egin genuen hamar ordutan egindako lanen kalitate teknikoarekin. Irrikatan nago bideo guztiak sareratu ahal izateko, guztiok ikusteko modua izan dezazuen. Harrituta geratuko zarete, a zer nolako harrobia daukagun gure artean!!!

Comments (3)

  1. JGabiMark 2008(e)ko urtarrilak 4
  2. joxe 2008(e)ko urtarrilak 4
  3. Iban Arantzabal 2008(e)ko urtarrilak 4

Eta zuk, zer diozu?