BerdintasunaHalaxe da, bai: Espainiako PP alderdi politikoak bere burua aurkeztu nahi du datorren urteko hauteskundeetan, Madrilgo parlamentuan eserlekuak eskuratzeko esperantzaz. Alderdiaren buruek aurreikusten dutenez, baina, arazo larriak izango dituzte horretarako: izan ere, PPk apenas ez dauka emakumezko afiliaturik, eta hori dela eta, ezinezkoa du berdintasun legeak ezartzen dituen andrazko hautagai kuotak betetzea.

Egoera ikusita, emakumezkoak animatu nahi ditu PPk alderdian izena emateko, eta horretarako estatu mailako kanpaina bat egiteko aukera ere aztertzen dabiltza. Teknopata xume honek ere bat egin nahi du PPren kanpaina horrekin, hau irakurtzen duzuen emakumezko guztiak PPn izena ematera gonbidatuz. Seguru nago neska batek baino gehiagok bat egingo duela PPren ideiekin, eta argi daukat PPk aukera izan behar duela Madrilgo parlamentuan egoteko.

A! PP Espainiako Partido Pirata delakoa da, noski. Zer uste zenuten ba? Aurreko egunean irakurri nuen albistea Barrapunton, eta benetan kezkatuta nago!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.