Googlek ‘Android’ aurkeztu du

Googlek sakelako telefoniaren merkatuan aurrera begira eraman behar duen estrategiaren ardatz nagusienetakoa izan behar duena aurkeztu du gaurkoan.

Ustezko gPhoneari buruz azken hileotan bolo-bolo zabaldu diren zurrumurruak argitu nahi izan dute Googleren blogean. Izan ere, gaur aurkeztu dena ez da telefono bat, telefoniaren alorreko 30 enpresa baino gehiagoren arteko hitzarmena baizik. Hitzarmen horri Open Handset Alliance deitu diote. Haren lehenengo emaitza zehatza hilaren 12an ezagutaraziko den Android plataforma izango da: eskuko gailuetan erabiltzeko sistema eragilea, erabiltzaile interfazea eta softwarea garatzeko tresna multzoa.

Android  software librea izango da, eta Apache lizentziapean banatuko zaie telefono egile, zerbitzu emaile zein programatzaileei. Aurkezpenean esan dutenez, Androiden helburua eskuko gailuetarako ekosistema irekia sortzea da, orain arteko plataforma itxietatik alde eginez eta halako gailuentzako plataforma ireki eta estandarra sortuz.

Androiden inguruan beste ezer gutxi esan daiteke momentuz, zantzurik ere ez baitute eman sistemak izango dituen ezaugarri teknikoen edo itxuraren inguruan.

Hala ere, badirudi ekimena indartsu hasteko moduan dagoela. Izan ere, Open Handheld Alliance delako horretan telefonia egile eta zerbitzu emaile handienak bildu baitira: Motorola, Qualcomm, HTC, T-Mobile, Sprint, Telefónica, Intel, Telecom Italia… Hori bai, nabarmen-nabarmena da orain arte euren sitema propioak garatzen ibili direnak bertan ez agertzea: Microsoft, Nokia, Sony-Ericsson, Access, Palm, merkatu horretan berria den Apple bera…

Urduritasun puntu bat ere soma liteke azken horien artean… Ez dut uste kasualitatea denik Microsoftek egunotan Windows Mobilerentzako NEO interfaz berria aurkeztu izana…

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.