Esan kaixo Androideari! 1 - teknopata.eusGaur arratsaldean patuxpotensek Twitterren gogorarazi digunez, sarean daude jadanik Android sistema eragilearen itxura erakusten duten lehenengo bideoak. Behean itsatsi dizuedan horretan, Googleren jefejefisimo Sergei Brin (horrek ere, orrazkera horrekin, seguru bukatzen duela institutu bateko ikasleak tirokatzen), eta Android plataformaren injineru buru Steve Horowitz agertzen dira, Android benetako telefonoetan instalatuta nola dbilen erakusten. Ukimen pantailarik gabeko Treo 500 bat eta LG etxeko ukimen pantailadun bat ere agertzen dira bideoan. Gauza handirik ez dute erakusten irudiok, baina bai boteprontoko iritzi eta zalantza batzuk sortzeko bestekoak:

  • Neure fijazioa izango da akaso, baina nik neuk argi baino argiago ikusten dut Apple iPhoneren eragina: ikurren itxura, interfazearen kolore konbinazioa, Mac OS Xen Dockaren antzeko nabigazio barra hori, atzamarrak pantailan gora eta bera…
  • Itxura behintzat oso ona du Androidek, eta benetan eskertzekoak diren detailetxoak ere agertzen dira bideoan: web orriak ordenagailuan bezalaxe ikusteko aukera, adibidez… Flash animazioak eta horiek ere ikusi ahal izango dira, ala nahita aukeratu dute bideorako nahiko sinplea den orri bat?

Enfin, jefejefisimok bideoan esaten duenez, apustu sendoa egin nahi dute Androidek orain arte sekula ikusi gabeko prestazio eta aplikazioak izan ditzan… baina noski, horretarako programadoreak animatu behar dituzte. Horretan ere pentsatu dute Googleko lagunek: Android Developer Challenge edo Android Programatzaileentzako Erronka. Labur esanda, Googlek 10 milioi dolar banatuko ditu saritan plataforma berrirako programarik onenak garatzen dituztenen artean.

Bi ediziotan egingo dute hori. Lehenengon parte hartzeko izen ematea 2008ko urtarriletik martxora arte egongo da zabalik, Androidekin dabiltzan telefonoak merkaturatu aurretik,  beraz, eta pentsatzekoa da sistema eragile berriaren lehenengo distribuzioarekin joango diren aplikazioak irtengo direla hortik. Bigarren edizioa, berriz, lehenengo telefono androidunak kaleratu ostean irekiko dute, 2008ko bigarren erdian, lehenengo fase horretan aurkitzen diren hutsuneak betetzeko asmoz, antza.

Era guztietako aplikazioak onartuko dituztela diote Googlekoek, baina, badaezpada ere, haien ideiak nondik nora doazen argitzeko lagungarri suerta daitezkeen pista batzuk ere eman dizkiete programatzaileei, ahal den neurrian haietan zentra daitezen. Animatuko?

  • Sare sozialak
  • Eduki multimediaren (argazkiak, esate baterako) kontsumoa, kudeaketa, edizioa eta partekatzea
  • Produktibitatea eta lankidetza: posta elektronikoa, berehalako mezularitza, egutegiak…
  • Jolasak
  • Albisteak eta informazioa
  • Ohiko erabiltzaile interfazeen birdefinizioa
  • Batzaile funtzioen erabilera
  • Kokapenean oinarritutako zerbitzuak
  • Onura humanitarioa
  • Garapen ekonomiko globalari laguntzeko aplikazioak

Ikusiko dugu ideia hippy eta cool horien artean gurea bezalako hizkuntza txikiei zer trataera ematen dieten. Aurrekariak ikusita, baietz (berriro) bazter utzi!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.