Bunny with a macintosh 1Engainatzen erraz samarra naiz, eta horren ondorioak birritan pairatu ditut asteburu honetan: lehenengo eta behin, lagunek hala esanda, berez zirara berezirik sortzen ez didan Getxoko Komiki (eta Manga) Azokara joatea onartu dut. Horrenbeste (eta hain) friki elkarrekin ikusteak beti sentiarazten nau deseroso, lekuz kanpo.

Manga pertsonaien mozorroak (cosplay, mangazaleen hizkuntzan) prestatzen, DDR makinan dantzatzen eta beste hainbeste alferrikako kontutan egiten duten ahalegina ikusita, pentsamendu bakar bat etortzen zait burura: ‘imaginatzen duzu energia hori guztia fundamentuzko zerbaitetan gastatuko balute?’. Hurrengo pentsamendua beti izaten da aurrekoa zaharren pentsamoldea dela, eta halako ezinegon mingarria sortzen zait tripetan. Baina tira, goazen harira…

Bigarrenik, engainua, behin karpa zuri erraldoiaren barruan egonda, Astiberri argitaletxeko txerifa eta laguna dudan Fernando Tarancónen eskutik etorri zen. Lanean zegoen, bere argitaletxeak jarritako postuan, eta irribarre zabal batekin etorri zitzaidan, liburuxka laranja bat esku artean hartuta: “Beitu Joxe, hau zure gustukoa izango da!”.

Erabat zuzen zegoen: hura oso gustuko dut: Andy Rileyren The Book of Bunny Suicides liburuaren gaztelerazko edizioa zen, El Libro de los Conejitos suicidas. Labur esanda, hitzik gabeko komiki bilduma bat da, euren burua akabatzeko irrikatan dauden pilo bat untxitxo zuriren saiakerak islatzen dituena. Benetan dibertigarria… umore beltza gustuko baduzue, behintzat.

Bunny with a macintosh 3Gauza da, Fernandok berak esan zidanez, Riley bera ari zela momentuan liburuak sinatzen, eta sinatzen zuen bakoitzean, untxitxoen marrazki ezberdin bat ere egiten ari zen, liburuaren eroslearen araberakoa. Ilara handirik ez zegoenez, eta ondoko marrazki hau ikusita, pentsatu nuen barregarria izan zitekeela untxitxoetako batek bere burua Mac batekin garbitzea.

Esan eta egin. Komikigilearengana hurbildu eta “Could you do it with a Mac?” edo horren ahalik eta antzekoena esaten saiatu nintzen.
“Excuse me?” Rileyk begiratu eta harritu aurpegia jarri zidan.
– “A Mac, you know…”.

Momentu hartan, bere itzultzailea agertu zen, ziztu bizian, eta berak esan zion:
– “A Mac, you know, a Macintosh…”.
Marrazkilariak buruan hazka egin, bioi begiratu zigun, begiak zabal-zabalik.
– “It’s OK, but why a Mac, i don’t understand…”.
– “I just like them”
erantzun nion eta tira, harritu aurpegiarekin, baina marrazten hasi zen. Lehenengo eta behin, sinadura eta nire izena-edo:

 

Joserentzat...

Egia esan, neu ere apur bat harritu nintzen komikilariaren jarrerarekin. Beharbada oso maczale amorratua izango zela pentsatu nuen, eta horregatik ez zuela untxia Mac batekin hil nahi… baina beno, azkenean hasi zen zirriborroak egiten, eta, neure harridurarako, marrazki hau oparitu zidan, iribarre zabal-zabal batekin:

Bunny with a mac

 

Orduantxe etorri zitzaidan burura aspaldi ahaztuta neukan ingeles lezio bat:

Macintosh=gabardina

Alegia, ingelesez, berez, macintosh hitzak gabardina esan nahi duela.

 

 

3 Iruzkinak

  1. Julen 2007(e)ko azaroak 26
  2. Joxe 2007(e)ko azaroak 26
  3. Txopi 2007(e)ko azaroak 30

Utzi zure erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.