Trepetak

Bonbillak debalde!!!

Kontsumo txikiko argiakBasqueresearch.com gunean irakurri dugunez, energia aurreztu beharraz sentiberatzeko kanpaina berri bati ekin dio Energiaren Euskal Erakundeak, Bilboko Udalarekin batera.

Horrelakoetara jendea erakartzeko zerbait debalde eskaintzea bezalakorik ez dagoenez, 3.000 bonbilla banatuko dituzte erakunde biek Bilbon dabilen jendearen artean, gaur hasi eta urriaren 5era bitartean. Opariarekin batera, noski, ebangelizazio lana ere badator, Energia etxean izeneko gidaliburuaren bidez. Argitalpen horrek aholku eta gomendio ugari dakartza etxean, eguneroko jardunean, energia aurrezteko, eta, bidez batez, ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko.

Banatzen ari diren kontsumo txikiko bonbillek 15 Weko potentzia dute, eta 75 Weko bonbilla tradizionalen baliokideak dira. Eraginkortasun handikoak dira; izan ere, argiztapen bera emateko, % 80 elektrizitate gutxiago kontsumitzen dute, eta 8.000 orduko bizitza erabilgarria dute, bonbilla konbentzionalena baino 8 bider handiagoa. Gainera, kontsumo txikiko bonbilla horietako bakoitzak, bere bizitza erabilgarrian, tona erdi CO2 aireratzea saihesten du.

Etxean argi faltan egonez gero, badakizue beraz, adi hurrengo hitzorduetara!

– Urriaren 2an, asteartea: goizean, Otxarkoagako Kepa Enbeita plaza; arratsaldean, Zazpi Kaleko Unamuno plaza.

– Urriaren 3an, asteazkena: goizean, Begoñako Udal Barrutiko Zentroa; arratsaldean, Indautxu plaza.

– Urriaren 4an, osteguna: goizean, Plaza Biribila; arratsaldean, Errekalde plaza.

– Urriaren 5ean, ostirala: goizean, Zorrotzako Azoka plaza; arratsaldean, Aita Donostia plaza.

(Bidez batez, eskertuko nuke baten batek banaketa punturen bateko argazkia bidaltzea!)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.