Harrituta utzi ninduen albiste bat irakurri nuen lehengoan kazetaritzaren inguruko newsletter batean: AEBetako Orlandoko poliziak Orlando Weekly aldizkariko hiru arduradun atxilotu zituen lehengoan, azoka profesional batean lanean ari zirela, prostituzioaren industriari laguntzeagatik.

Orlandoko Metropolitan Bureau of Investigation delakoak emakumezko bi agente bidali omen zituen delako azoka hartara. Prostitutak zirelako itxurak egiten, agenteak aldizkariaren postura joan eta iragarkiak jarri nahi zituztela esan zuten. Une hartan postuan zeuden langileek, iragarki sailkatuen ataleko zuzendariak, eta publizitate ataleko exekutibo bik, azalpenak eman zizkieten neskei, iragarkiak jartzeko moduaz.

Azalpen horiek nahikoak izan ziren, nonbait, hiru exekutiboak atxilotu eta gartzelaratzeko, prostituzioaren industria sustatu eta hari laguntzeko akusaziopean. Orlandoko MBI delakoak azaldu duenez, atxiloketak Operation Weekly Shame izeneko bi urteko ikerketa prozesu baten emaitza da. Badirudi astekariak 2,3 milioi dolar inguruko etekinak lortu dituela azken bost urteotan prostituzio iragarkiei esker.

MBIko agente bat, bere buruaz harroOrlando Weeklyren erantzuna, jakina, luze barik iritsi da: Operation MBI Shame izeneko erreportaje antzeko batean, aldizkariak MBI delako horren historia errepasatu du, eta, besteak beste, xehetasun guztiekin kontatu du nola MBIko agenteetako batek arazo larriak izan zituen duela ez asko, laneko sakelakoa erabili zuenean biluzik agertzen zen argazkiak egiteko. Horrez gain, noski, exekutiboak ‘harrapatzeko’ erabilitako metodoa erabat gaitzesten dute, noski, eta publizitatea mugatzea Estatu Batuetako Konstituzioaren Lehenengo Emendakinaren aurkakoa dela diote.

Batzuen eta besteen artean egundoko zirkoa atondu dute azkenean, naziekiko konparazioak barne (ezagutzen al duzue Godwinen legea?). Ingelesez erdipurdika bada ere moldatzen bazerete, tartetxo entretenigarri bat emateko beste.

Ideia solte batzuk nahaste-borraste honen harira:

  • Hurbiletik ezagutzen ditugunetatik, zer egunkari libratuko litzateke halako batean prostituzio iragarkiak legez kanpo geratuko balira? Behingoagatik, berria eta 20 minutos?
  • Prostituzio iragarkietan emakumeen irudi iraingarria ematen da, ados. Baina iragarkietako arduradunak atxilotzea ez al da gehiegizko neurria?
  • Zer lasai bizi diren gure inguruko tokiko astekariak!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.