Potroetaraino jarri behar nuen, baina itsusi iruditu zait izenbururako.

Duela egun gutxi batzuk amaitu behar zitzaidan orain arte web orriak-eta ostatzeko erabiltzen nuen .Mac kontua. Appleren prezio politika ikusita, (eta hasieran .Mac hori dohainik zela eta bizitza osorako hala izango zen hitza eman zutela kontuan hartuta), nekatu eta nire kontutxoak beste ostalariren batera eramatea erabaki nuen.

Nire .Mac harpidetza amaitu baino hilabete lehenago, mezu bat jaso nuen Appletik, esanez nire kreditu txartelaren iraungitze data okerra zela, eta mesedez datu hori zuzentzeko, bestela ezin izango zidatekeelako kobratu hurrengo urteko harpidetza. Nik erantzun nien, esanez ez nuela haiekin jarraitu nahi, eta beraz, ez nuela informazioa eguneratzeko asmorik. Beste mezu bat iritsi zitzaidan, baja emoteko, beharrezkoa zela kreditu txarteleko informazio fitxan dagoen ‘auto-renew’ koadroa desgaitzea, eta mesedez hori egiteko.

Txintxo-txintxo saiatu nintzen, baina ez zegoen informazioa aldatzerik nire kreditu txartelaren iraungitze data berria ondo idatzi barik. Berriro idatzi nien bada, ez nuela nire informazio berria eman nahi, eta mesedez baja emateko zuzenean, eta haiek berriro erantzun zidaten, esanez ulertzen zutela ez nuela haiekin jarraitu nahi. Kontua garbituta beraz…
Mila esker (nahitaez) berritzeagatikHalaxe uste nuen behintzat, baina, hara non, aurreko egunean e-mail automatiko horietako bat jaso nuen: Thanks for renewing! . o.O Baina nik ez dut ezer berritu! Nire bankuko kontua begiratu eta, tatxan! Appleren 100 euroko kargua hortxe. Hirutan idatzi diet jadanik, ingelesez eta gazteleraz, kontua azaltzen eta nire dirua bueltatzeko eskatzen,baina ez dut batere erantzunik jaso. Bihar Laboraleko bulegora joango naiz ea ordainketa atzera botateko modurik dagoen.

Uste dut tirabira luuze baten hasiera izango dela.

Eguneratzea (2007/10/20)

Beno, kasu egin didate azkenean Applekoek eta, astebete eta bost erreklamazioren ondoren, erantzun egin didate…. bost aldiz, gainera. Berretsi didate nire baja eskaeraren berri bazutela, barkamena eskatu didate atzerapena eta okerreko berritzea direla eta… eta nire pasahitza, jaiotze data eta txartel zaharraren azkenengo zenbakiak eskatu dizkidate nire identitatea konfirmatzeko. Nire kontua itxi eta dirua berehala bueltatuko omen didate. Nik neure aldetik desfogatzeko aprobetxatu dut, eta esan diet lotsagarria dela horrelako txapuzak egitea, eta penagarria berez oso ondo dabilen zerbitzuaren nire azkenengo inpresioa txapuza honek markatzea. Enfin, dena den, dirua bueltan jaso arren ez naiz lasai geratuko!

3 erantzun

  1. haritz 2007(e)ko urriak 17
  2. Joxe 2007(e)ko urriak 17
  3. Juanma 2007(e)ko urriak 20

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.