A8ko ilaraNegua eta, harekin batera, eguraldi txarra ere gainean ditugula, iritsi da egunean kilometro asko egin behar ditugunok autoa prestatzen joateko garaia: limpiak aldatu, argiak ondo dauden aztertu, neumatikoei ere kasu egin…

Dena den, eta egiten duguna egiten dugula ere, gure bizitzako hainbat ordu A-8 trafiko ilaratan ez atzera, ez aurrera halabeharrez galduko ditugula jakinda, proposamena luzatu nahi diet autopistaren kudeatzaileei: ordainsariarekin batera Drivemocion izeneko gailu berriaren ale bat oparitzeko, hain zuzen ere.

Akabo biraoak!

Drivemocion gidarien arteko komunikazioa erraztu eta estresa baretzeko gailu ezin egokiagoa da: irudian ikus dezakezuenez, autoaren atzeko kristalean jartzen den argidun seinale bat da, aurreko aldetik kontrol sinple-sinple batekin maneiatzen dena. Bost aurpegitxo ezberdin erakuts ditzake gailuak: pozik, triste, haserre, harrituta, pentsakor… Atzekoak pirula bat egiten dizula? Kontrolari eragin eta berehala ikusiko du zure haserre aurpegia, inoren familiarekin akordatu beharrik gabe. Ezkerreko errailera sartu nahi duzula eta atzekoak utzi dizula? Esker oneko keinu bat erakusteko aukera ematen dizu gailu berri honek.

Gidarion bizimodua askoz ere atseginago egiteko ahalmena duen gailua iruditu zait eta horregatik eskatu nahi diet A8ko aginteei ahalegina egiteko. Betiereko lanak, jausten diren zubiak, nonahiko konoak, benetan bat eta erdi diren ‘hiru errail berriak’ pairatzea askoz esperientzia gozoagoa izango litzateke!

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.