Komunikazioa

Aurkezpenak egiteko 10-20-30 araua

Aurkezpenak egiteko 10-20-30 araua 7 - teknopata.eus
Aurkezpenak egiteko 10-20-30 araua 11 - teknopata.eus
Guy Kawasaki Wikimania 2015n. Argazkia:
VGrigas (WMF), CC BY-SA 3.0, via Wikimedia Commons

Aspaldiko maczaleon artean izen ezaguna da Guy Kawasakirena, bera izan baitzen bere garaian Macintoshen aldeko ‘ebanjelizazioa’ egiteko EvangeList posta zerrendaren arduradun eta sustatzailea. Steve Jobsen enpresak erabiltzaileen sustenguaren beharrik ez zuela erabaki zuenean ordea, Kawasaki antzarrak perratzera bidali eta zerrendarekin jarraitzea debekatu zioten. Harez geroztik, bestelako zereginetan dihardu morroiak, enpresentzako aholkularitza zerbitzuak eta horrelakoetan…

Aurreko batean, ondoren *era librean* itzuli eta laburtu dudan artikulua topatu nuen bere blogean. Azken boladan hain modan jarri diren aurkezpen multimedia horiek prestatzeko ‘araua’ ematen du artikuluan. 10-20-30 Araua deitzen dio berak, eta oinarria ezin sinpleagoa da: Powerpoint edo antzeko programaren batez lagundutako aurzkpenak onak izateko, gehienez 10 diapositiba, eta gehienez 20 minutuko iraupena izan behar dute. Diapositibetako letra guztiek, gainera 30eko tamaina izan behar dute gutxienez.

Zentzuzko arrazoiak ematen ditu Kawasakik bere lege edo arau hori defendatzeko… jarraian duzue jatorrizko artikuluaren laburpena euskaraz, baten batentzat interesgarria izango delakoan:

Ménièreren gaitza izenekoa daukat—ez larritu, ez zara kutsatuko nire bloga irakurtzeagatik. Ménièreren sintomak, besteak beste, entzumenaren galera, tinnitus (txirrin antzeko soinu etengabea), eta zorabioa. Medikuek teoria asko dituzte gaitzaren arrazoia azaltzeko: gatz, kafeina edo alkohol gehiegi izatea dietan, estres handiegia, alergiak… Halabaina, denborarekin faktore horiek guztiak kontrolatzea lortu dut.

Dena den, nik neuk badut beste teoria bat. Arrisku-kapitalekin lan eginda, sarritan egokitzen zait enpresa berrien inguruko azalpenak entzutea. Azalpen horiek zabor hutsa dira gehienetan: hirurogei diapositiba enpresa sortu berri batek “patentearen zain”, “lehenengoak izatearen abantaila” edo “egin behar dugun bakarra Txinako biztanleen %1ek gure produktua erostea lortzea da” azaltzeko. Azalpen horiek hain dira kaskarrak non entzumena galtzen ari naizen, etengabeko txirrin soinua sortu den nire belarrietan, eta tarteka-tarteka mundu guztia biraka hasten zaidan.

Arrisku-kapitalaren komunitatean Ménièreren izurritea gertatu aurretik, PowerPointen 10/20/30 Araua zabaltzen saiatzen ari naiz. Sinple samarra da berez: PowerPoint aurkezpen batek hamar diapositiba eduki beharko luke, gehienez hogei minutu iraun beharko luke, eta ez luke hogeita hamar puntu baino letra txikiagorik izan behar. Ni neu arrisku-kapitalen munduan mugitzen banaiz ere, arau hori arrakasta izan nahi duen edozein aurkezpeni aplikatu ahal zaio: adibidez, kapitala handitzea, saltzea, sozietatea eratzea, eta abar.

PowerPoint aurkezpen baten diapositiba kopuru optimoa hamarrekoa da, gizaki normal batek bilera bakar batean ezin baitu barneratu hamar kontzeptu baino gehiago—eta arrisku-kapitalistak oso gizaki normalak dira. (Zu eta zure arrisku-kapitalistaren artean dagoen ezberdintasun bakarra da berari ordaindu egiten zaiola besteren diruarekin jokatzeko). Zure negozioa azaltzeko hamar diapositiba baino gehiago erabili behar badituzu, seguruenik ez duzu negoziorik. Arrisku-kapitalistak kezkatzen dituzten hamar gaiak honako hauek dira:

1. Arazoa
2. Zure konponbidea
3. Negozio eredua
4. Negozioaren oinarrizko magia/teknologia
5. Marketina eta salmentak
6. Lehiakideak
7. Taldea
8. Aurreikuspenak eta gakoak
9. Egoera eta kronograma
10. Laburpena eta ekintza plana

Zure hamar diapositiba horiek hogei minututan eman beharko zenituzke. Bai, ordubeteko hitzordua daukazu, baina Windows daraman portatila darabilzu, eta beraz, berrogei minutu beharko duzu proiektorearekin ondo ibilarazteko. Konfigurazioan arazorik ez baduzu ere, jendea berandu iritsi eta goiz joango da. Eta hala ez balitz ere, zure azalpena hogei minutuan emango duzu, eta horrela beste berrogei izango dituzu libre iritzi trukerako.

Ikusi ditudan aurkezpen gehienak hamarreko tamainako testua daramate. Diapositiban ahal beste testu sartu, eta aurkezleak irakurri egiten du. Baina entzuleek testua irakurtzen ari zarela ikusi orduko, zure aurretik irakurtzen hasiko dira, zuk hitz egiten duzun baino arinago irakur baitezakete haiek. Ondorioz, zuk eta zure entzuleek sinkronizazioa galduko duzue.

Aurkezleek letra txikia erabiltzeko arrazoia bikoitza da: lehenengo eta behin, ez dute haien materiala behar bezain ondo ezagutzen; gainera, uste dute zenbat eta testu gehiago, orduan eta sinesgarriagoak izango direla. Horrek ez du ez buru, ez hankarik. Behartu zeure burua hogeita hamarretik gorako letrak erabiltzera. Ziurtatzen dizut horrek zure aurkezpenak hobetu egingo dituela; besteak beste, zeure burua behartuko duzulako punturik nabarmenenak bilatzera, eta puntu horiek ondo azaltzera. “Hogeita hamar” hori zurrunegia bada, formula bat ere eskaintzen dizut: jakin zein den zure entzule zaharrenaren adina, eta horren erdia izango da zure aurkezpenerako letra tamaina optimoa.

Jarraitu, beraz, PowerPointen 10/20/30 Arauari. Besterik ez bada ere, zure entzuleren batek entzumena galtzen, txirrinak entzuten edo zorabioak nabaritzen ari delako kexatzen den hurrengoan, seguru egongo zara ez dela zure errua. Gauzatxo bat amaitzeko: aurkezpen onen inguruan gehiago ikasteko, bisitatu Presentation Zen izeneko webgunea, nire lagun Garr Reynoldsena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.