Google Android bidean: all your data are belong to us 1 - teknopata.eus
T-Mobile G1, Googleren Android sistema eragilea daraman lehenengo telefonoa, irailaren 23an aurkeztu da New Yorken.

Googlek sistema eragilea erosi zuenetik urtebete igaro berri dela, gaur bertan aurkeztu da jendaurrean Android sistema eragile ‘librea’ darabilen lehen segapotoa, T•Mobile G1 delakoa. Azken urteotan hain ezaguna egin den HTC enpresa Taiwandarrak egin du gailua bera. Nonbait irakurri dudanez, trasteak nekez irabaziko du ezelango edertasun lehiaketarik, baina tira, interesgarriena tripetan dago, sakelako berriak eskaintzen dituen funtzioetan alegia.

Larregi ez luzatzeko, zerrenda batera ekarri ditugu hor zehar ikusi ditugun ezaugarririk nagusienak:

  • HSDPA 1700 / 2100 + EDGE
  • WiFi
  • 3D grafiko azelerazioa
  • 480 x 320 HVGA pantaila
  • GPS
  • 3 megapixeleko kamera
  • 1GB-ko memoria integratua eta microSD zirrikitua
  • Android Market, aplikazioak online erosteko denda
  • Amazon MP3 aplikazioa musika online erosteko
  • Gmail posta bezeroa, HTML eta Push teknologiekin
  • Google kontua derrigorrez eduki behar
  • Bluetooth (esku libreak soilik)
  • Google Maps eta Street View
  • Agenda eta kontaktuak ordenagailuarekin sinkronizatzeko aplikaziorik ez. Sinkronizazioa online soilik egin daiteke, Googleren zerbitzuen bidez
  • Salgai: urriaren 22tik aurrera AEBetan, T-Mobile operadorearekin soilik (jakina!). Azaroan Inglaterran, eta 2009ko lehenengo hiruhilekoan Europako beste zenbait herritan
  • Prezioa: 179$ bi urteko kontratuarekin, 399$ kontraturik gabe

Google Android bidean: all your data are belong to us 2 - teknopata.eusEgia esan, gailu berriak ez luke itxura txarrik izango… …Googlerekiko erabateko menpekotasunagatik ez balitz. Merke salduko digute trastea, bai, eta sistema eragilea librea izango da, bai… baina besterik da zer gertatzen den sistema eragileka kudeatzen duen informazio guztiarekin. Telefonoari atarramentua ateratzeko, norberaren datu pertsonalak ez ezik, kontaktu eta zeregin guztiak ere jarri behar dira Googleren esku. Duela gutxira arte pentsaezina dena lortu dute G1 berri honekin: Applek iPhonearekin darabilen plataforma-politika ‘ez hain itxia’ iruditzea.

Piszinara salto egin aurretik, badaezpada, itxaron beharko dugu apur bat, informazio zehatzagoa izan arte, baina niri neuri gero eta itogarriagoa egiten zait Googleren ‘besarkada’…

7 erantzun

  1. e-gor 2008(e)ko irailak 24
  2. joxe 2008(e)ko irailak 24
  3. Yussef 2008(e)ko irailak 24
  4. e-gor 2008(e)ko irailak 24
  5. joxe 2008(e)ko irailak 24
  6. Ander 2008(e)ko irailak 25
  7. e-gor 2008(e)ko irailak 29

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.