Askori gustatuko zaizue, eta beste askori ez, baina gustuak gustu, ezin ukatu Star Trek klasiko bat dela zientzia fikzioaren alorrean. 1966an sortutako telesaioak ondoren etorri diren askoren oinarriak ezarri zituen eta, gustatu ala ez, badirudi euskal ideario kolektiboan ere nolabaiteko aztarna utzi duela (nork ez du konparatu Ibarretxe lehendakaria Enterprise espaziuntziko Spock doktorearekin?). Batzuek oraindik gogoratuko duzue nolakoa montatu zen 1999an, zinemarako pelikula sortako bederatzigarrenean, “Star Trek Insurrection” delakoan Anne Igartiburuk parte hartu behar zuela jakitean.

teleport.jpg

Azkenean, errodajean parte hartu bai, baina pelikulan ez da agertzen gure Anne. ‘Produkzio beharrek hala eskatuta’ bera agertzen zen eszena kendu omen zuten behin-betiko montajetik. Ez dakit sinestu ala ez, nonbait irakurri nuen produktoraren taktika bat izan zela zinemetara jende gehiago erakartzeko, eta nazioarteko hainbat ‘guapisia ofizial’ekin gauza bera egin zutela (errodajera gonbidatu, paper txatxuren bat eman, eta pelikulan ez sartu), zer esana sortzeko. Ez da taktika txarra, ezta?

Spock & Spock, aurrez aurreTira, taktikak taktika, gauza da aspaldi jakin zela markaren jabe den Paramount etxea badabilela zinemako sortaren hamaikagarren pelikula sortzen. Modan jarri diren ‘precuel’ horietako bat da: pelikulak kontatzen duen istoria 1966ko jatorrizko telesaioko pertsonaiak elkartu aurretik geratzen da, Kirk eta Spock Espazioko Flotaren Akademian dabiltzanean. Spock gaztearen papera Zachary Quintok egingo du, Heroes telesaileko Sylar gaiztoak. Kirk gaztearen papera, berriz, niri neuri erabat ezezaguna egiten zaidan Chris Pineren erantzukizuna izango da.

Spock famatua, bide batez, bi ‘bertsio’ diferente izango ditu pelikulan. Izan ere, Quintorekin batera, pertsonaiak famatu duen Leonard Nimoy bera ere agertuko baita pelikulan. Egileek ez dute argitu nola agertuko den Nimoy filman, baina badirudi gaztearen gidaritza espiritualarekin zerikusia duela.Egia esan, Quintok duen aurpegikera berezia kontuan hartuta, ez zait aktore egokiagorik bururatzen Nimoyk gorpuztutako Spock-i jarraipena (edo hasiera) emateko. Gainera aktore ona dela iruditzen zait. Heroesen zuen papera, gutxienez, izugarri gustatu zitzaidan.

Gustura ez dagoena teleserie klasikoan Kirk kapitainaren papera egiten zuen William Shatner da. Haserre-haserre dago 77 urteko gizona, berak ere Nimoyk bezala agertu nahi zuelako filman. Estatu Batuetako telebistetan elkarrizketak ematen dabil agurea, guztiz erretxinduta, brari ez baitiote paperik eman.

Enpin, badirudi filma datorren gabonetan estrena litekeela Estatu Batuetan. Lehenengo ‘teaser’ bat ere badago ikusgai. Ea gustatzen zaizuen. Niri bai!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.