Trepetak

Badator andEeereño…

Ustekabe gozo horietako bat hartu nuen atzo, irratian entzun nuenean  Ikastolen Elkartea azken ukituak ematen dabilkion Ikasys proiektuaren berri. Labur esanda, (informazio zehatza haien webgunean aurkituko duzue) ikasle bakoitzari norbere erritmoan, baina irakaslearen zaintzapean trebatzen joateko aukera ematen duen sistema informatikoa da Ikasys. Horretarako, aplikazio informatiko multzo bat dago,  batetik; eta Ikasbook izena jarri dioten ordenagailu berezia, bestetik: txikia, arina, eta umeek erraz erabiltzeko modukoa.  Zortzi urte omen daramate proiektua osatzeko lanetan, eta aurten, udaberri partean hasiko dira benetako ikastaldeetan probak egiten.

Ustekabe gozoa izan zela esan dut hasieran: ustekabea, haren berririk sekula entzun barik nengoelako. Gozoa, batez ere, bi arrazoirengatik:

Oso proiektu berritzailea iruditu zitzaidalako. Irratiko azalpenen arabera, ez omen dago antzekorik munduan, eta ideia oso ‘esportagarria’ iruditzen zait. Euskal Herritik, eta komunitate euskaldunetik, mundu globalizatuari ekarpen baliagarriak egin ahal zaizkion froga garbia. Horretaz ibili ginen hizketan aurrekoan irratia.com-era gonbidatu nindutenean, eta uste dut Ikasysen kontu hau dela euskaldunok egin ahal dugun ekarpenaren adibide ederra.

Ikasbook = EeePCBigarren arrazoia ere Radio Euskadiko Graffiti saioko elkarrizketa entzutean aurkitu nuen. Emakumezko bat ibili zen azalpenak ematen (barkatu, ez dut izena gogoratzen) eta, hasierako momentutik nire jakinmina piztu zuen Ikasbook delako ordenagailuaz galdetuta, argi esan zuen software partea web nabigatzaile bidez erabiltzen dela, eta beraz sistema edozein makinatan erabil daitekeela, baina hala ere, momentuz Asus enpresa taiwandarrarekin zeukatela hitzartuta probaldirako makineriaz hornitzea, txikia, merkea eta erabiltzen erraza zen makinekin.

Momentu hartan beran, nire teknopata senak esan zidan Ikasbook delakoa, ezustekoak ezuste, beharbada ez zela hain ezezaguna izango. Eta hara, susmoak berretsi egin ditut gaur goizean, tramankuluaren itxura ikusi dudanean. Hor eskuman ikus dezakezuen hori da. Irratia.com-eko saio hartan Jabik aipatu zidan, eta Applerena ez izateko, maila arriskutsuetan ere maiteminduta naukan Eee-PC ultra-eramangarria.

Eta enpin, handik aurrera, burua joaten hasi zait apur bat. Imaginatzen duzue proiektuak arrakasta duela (hala bedi!), eta hemendik bost urtera ikastola guztietako umeak dabiltzala halako bat besapean hara eta hona? Edo, are hobeto: EeePC horien ordez, OLPCen erosketa masiboa egiten dutela ikastolek, eta haiei esker hirugarren munduko beste ez dakit zenbat ume ere hasten direla sistema berberarekin ikasten?

Ados, ados… lotara noa!

2 iruzkin
  • Jabi
    2008(e)ko otsailak 7 at 12:36

    Joe, Joxe, ni ere haren atzetik nabil. Atzo bertan ibili nintzen Fnac.fr-n begiratzen, ea Baionako Fnacen noizko egongo den begiratzen (Espainian ez baita oraindik haren arrastorik ezta noiz hasiko diren saltzen inongo berririk, Frantzian bai, baina stockik ez dute eta hilabete barrurako aurrikusten dituzte lehenengo aleak) eta hara non ikastoletakoak berau ibili diren probatzen, argazki eta guzti. Eurek proposatzen duten proiekturako hardwarerik aproposena dela uste dut, baina.. Zer egiten dute mukizu horiek “nire altxorrarekin”? Nirea nahi dut ORAIN!!!

    Reply
  • joxe
    2008(e)ko otsailak 7 at 12:43

    Um! Eta ikastolaren batean matrikulatzen bagara? Bizarra kenduz gero agian ‘kolatuko luke’ :P

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.