Eskoñarra Apple! (eta II: Nire dendan saltzen duzuna, niretzat)

Atzokoan artikulu luze-luzea irten zitzaidan azken boladan Apple egiten ari den gehiegikerien inguruan, eta bi zatitan arigtaratzea erabaki nuen astunegia ez izateko. Hona, bada, bigarrena!

Nire dendan saltzen duzuna, niretzat

Eskoñarra Apple! (eta II: <i>Nire dendan saltzen duzuna, niretzat</i>) 1 - teknopata.eus

Lastima Firefoxekin ez dabilela! (momentuz sikieran!)

Bigarren albisteak zerikusi handia du duela ez asko hona ekarri genuen beste batekin: Financial Times egunkaria, Applek bere gailuetako App Store delakoan argitalpenen salmenta edo harpidetza kudeatzeko ezartzen dituen baldintza zurrunekin nazkatuta, iPhone eta iPadetarako zeukan aplikazio propioa garatzeari utzi eta web bidezko beste bat sortu zuen haien ordez. Horrela salmentak eta harpidetzak berak nahi duen moduan egin ahal izateko.

Bada, gaur bertan jakin denez, orain Amazon liburudenda erraldoia da bide horri jarraituko diona. Applek ezartzen dizkion baldintzei erantzun ezinik, aplikazioa utzi eta webapp delakoa sortu du, Google Chrome zein Safari nabigatzailetik erabil daitekeena, iPhone, iPad, Mac, Windows zein GNU/Linux duten ordenagailuetan. Kindle Cloud Reader izenaz bataiatu dute. Irakurri dugunez, iPadean oso ondo funtzionatzen du, eta Macean behintzat polito dabil (nahiz eta eskertuko litzatekeen Firefoxekin ere erabili ahal izatea!).

Amazonen, eta Financial Times-en erabakiak ulertzeko, Applek bere dendaren bidezko salmentak egiteko jartzen dituen baldintzak ulertu behar dira. Bere garaian e-gor lagunak argitu zigunez, hona esanguratsuenetako batzuk:

  • App Store bidez egiten diren salmenten %30 Applerentzat da. (10 euroko harpidetza salduz gero, 3 euro Applerentzat).
  • Erosleen datuak Applek kudeatzen ditu, ez saltzaileak (pentsa zer den hori negozio nagusia salmenta duen Amazon batentzat zer den!).
  • Saltzaileak ezin du produktu bera (harpidetza, liburua) App Storetik kanpo merkeago saldu, ezta erosketa Storetik kanpo egiteko estekarik eskaini

Total, Amazonek ere erabaki duela baldintzak gehiegizkoak direla. Aurrerantzean, Kindle aplikazioaren ordez, webapp bat erabili ahal izango dute Amazonen bezeroek (webgune ‘aktibo’ bat, nolabait esateko), lehen programatxoarekin egiten zuten dena egiteko: liburuak irakurri, erosi, eta abar… Appleren arau zurrunetatik kanpo.

Sagartxoaren lagunak, beraz, hardware esparruko lehiakideak itotzen saiatzen ari dira, batetik, eta bestetik, bere plataforma erabili nahi duten eduki hornitzaileak ere estutu eta estutu dabiltza, handienek harengandik ihes eragiteraino. Argi dago orain arte oso ondo funtzionatu diola jokabide horrek Jobsi, baina luzaro eusteko modukoa al da? Nik neuk gero eta zalantza handiagoak ditut.

OHARRA: Sustatun irakurri dugunez, badirudi Amazonek arrazoi bat baino gehiago duela Appletik ahalik eta urrunen ibili nahi izateko…

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.