CB2, Astroboyren lehengusua

Ez niri horrela begiratu, motel!
Ez niri horrela begiratu, motel!

Japoniarrek gero eta gauza arraroagoak egiten dituzte. Saya robot irakaslearekin ez omen dute nahikoa eta, hara non ikusi dudan gaurkoan giza itxurako beste errobot baten berri. AstroBoy edo Dotakonen lehengusua ematen duen honek CB2 du izena (Child robot with Biometric Body), eta ume itxura du: 1,30 metroko altuera, 33 kiloko pisua… eta airez eragindako 51 motor, 197 presio sentsore eta bi kamera begietan, denak ere silikonazko azal moduko batek estalita.

‘Kreaturatxoa’ ez da bart gauean jaioa, bi urte baino gehiago dira Oskako unibertsitateko ‘gurasoek’ jendaurrean aurkeztu zutela. Berria dena aste honetan iragarri dituzten aurrerapausoak dira. Garapen talde zuzentzen duen Minoru Asada doktoreak aste honetan iragarri duenez, dagoeneko lortu dute CB2k berez ikasteko kapazitatea garatzea: momentuz, gomazko umeak parean jartzen zaionaren aurpegiera aztertu eta pozik, haserre, triste edo nola demontre dagoen interpretatzeko gauza da. Gainera, gizaki batek eskutik helduta ibiltzen ere ikasi du.

Urte biko epean, trasteak bi urteko ume baten ikasteko abilidadearen parekoa izatea espero dute egileek, eta 2050erako horrelakoek osatutako futbol talde batek partida bat jokatzeko gai izatea. Nonbait, euren asmoa da ‘espezie berri bat’ sortzea, adimen maila gizakion eta primateen artekoa edukiko lukeena.

Sayarena jakin genuenean komentatu genuen bezala, Japoniako gobernua oso kezkatuta dago bertako populazioaren batez besteko adia oso arin igotzen ari delako, eta dirutza gastatzen ari da laguntza behar duten pertsonentzako edo langileak topatzea kostatze den postuetarako errobotak garatzeko programak bultzatzen. Unibertsitateak ez ezik, Toshiba eta beste zenbait enpresa ere ari dira bere garaian soluzio komertzialak bihurtuko diren robot berriak sortzen.

Gaurko laguntxoari dagokionez, enpin, Sayaren marka guztiak hautsi ditu hozkigarritasunari dagokionez. Ikusi, bestela, jatorrizko aurkezpena egin zireneko irudi hauek:

[Via: Physorg]

3 Comments

  1. Jozulin 2009(e)ko apirilak 7
  2. Dabid Martinez 2009(e)ko apirilak 8
  3. joxe 2009(e)ko apirilak 8

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.