Agur, Lycos

2008ko abenduaren 31n interneteko enpresa handi klasikoetako bat desagertuko da. Prentsa ohar batean jakinarazi dutenez, urtea amaitzean ateak itxiko ditu 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen Lycos Europek, pilatu dituen galerei ezin aurre eginda.

Hain zuzen ere 17,1 milioi euro galdu ditu Lycosek 2008an, iaz 46,9 milioi euro irabazi bazituen ere. Zuloari aurre egiteko inbertsore bila ibili da enpresa joan den irailetik baina, ai, krisiak hortzak zorrotz!

Enpresak salgai jarriko ditu domeinuak kudeatzeko unitatea, danierazko ataria eta online dendak, eta gainontzeko jarduera guztiak bertan behera utziko ditu. Horrela, akzioduen artean banatzeko 50 milioi euro eskuratzea espero dute enpresako buruek. Bertan lan egiten duten 700 langileak, berriz, kale gorrira joango dira.

Estatu Batuetako Lycos, berriz, Koreako Daum Communications enpresarena da, eta erabat independentea Europako adarretik. Printzipioz, aurrera egingo du bere jarduerarekin, baina horrek ere arazo larriak ditu diru-sarrerekin, batez ere Google ahalguztiduna internet bidezko publizitatearen mundua kontrolatzeari ekin zionetik.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.