Zuetako askok izango duzue buruan: aspalditxo estreinatu zen mundu osoko zinemetan Iron Sky filma.  Zati handi bat crowdfunding bidez finantzatu B Serieko zi-fi bat, non naziak, 1945ean ilargiaren alde ezkutura ihes egin eta bertan ezkutatu ondoren, Lurrera itzultzen diren, 2018an, boterea hartu eta Lurreko gizaki arrazak ‘behar bezala ordenatzeko’ asmoz. Baina Estatu Batuetako presidentea, izenik ez eta Sarah Pallin-en antza duen emakumezko bat, ez dago prest amore emateko.

Ideia eta hasierako irudiak, ukitu steampunk nabarmenarekin, oso-oso-oso erakargarriak baziren ere, aitortu behar dut azken produktuak espero nuena baino hotzago utzi ninduela. Jakin nahi nuke monsieur Makilakixki bezalako beste batzuoi zer iruditu zaizuen! 🙂 Filma ikusgarria da, ahaztu gabe parodia gakoan egindakoa dela, noski… baina uste dut asko irabaz zezakeela parodia tonua apur bat jaitsiz gero. Dena den, lagunartean eta birra batzuk eskuan ikusteko aukera ona izan daiteke.

Baina harira: gauza da egileak pozik daudela Iron Sky-k izandako harrerarekin, eta behin baino gehiagotan komentatu dute filmaren jarraipena eta prekuela ere egin nahian dabiltzala. Izatez, aspalditxo hasi ziren Iron Sky 2 izango dena ekoizten. Eta, arrakasta komertziala lortzen duten frankizietan bezalaxe, honetan ere trikimailu zahar bat erabili dute: filmaren izenari eutsi, nahiz eta istorioa jatorrizkotik urrun samar egon.

Nazien gaia bigarren planora pasarazi dute atal honetan, eta filmaren ardatza ‘misterioaren lagunentzat’ ezaguna izango den mito bat da: Lur Hutsaren teoria eta ‘intralurtarrak’. Horren arabera, pentsa dezakezuenez, gure planeta hutsik dago barrutik, eta hor barruan gurea baino aurreratuagoak diren zibilizazioak bizi dira. Ilargiko naziak lur barruko zibilizazio horrekin lotu eta listo: hortxe Iron Sky 2 osatzeko entsalada perfektua. Hona lehen trailerra, euskarazko azpidatziekin:

[amara data-width=”600px” url=”http://www.youtube.com/watch?v=JKPwtDjzJMI”]

Hitler dinosauro baten gainean zaldun tumatxa iruditu bazaizue, ez itxi ahora oraindik. Ikusi zeintzuk diren filmeko beste bi pertsonaia (oraindik ez dakit protagonista ala antangonista ote diren!). Zuekin, Vladimir Putin, Chuck Norrisi lekua kendu nahian…

https://www.youtube.com/watch?v=OSHaVH9HhfI

Eta, puntu horretara iritsita… nork egin diezaioke itzala Putini? Eh? Nork? Nork? Bai, zuzen zabiltzate: Jesukristok berak!!!

https://www.youtube.com/watch?v=fN0Fuk7UcUc

Enfin, saltsa hau guztia ondo nahastuta eta bukatuta ikusi nahi baduzue, egileak diru eske dabiltza berriz ere

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.