NabarmenakTrepetak

Jantzigarrien urtea?

Irailaren 5ean hasiko da Berlingo IFA elektronika azoka, eta badirudi erloju eta bestelako osagarri 'adimentsuen' arloa izango dela zeresan gehien emango duena. Hona aurreratu dituzten berrikuntzetako batzuk.
<i>Jantzigarrien</i> urtea? 7 - teknopata.eus

Hortxe atari-atarian daukagu jada 2014-15 ikasturtea eta, teknopatakeriei dagokienez, badirudi apaingarri adimendunen urtea izan daitekeela:

  • urtebete baino gehiago da lehen erlojuak era masiboan merkaturatzen hasi zirenetik, eta esango nuke oso bilakaera azkarra izan dutela denbora honetan, publikoaren aldetik harrera epel samarra jaso badute ere.
  • eskumuturreko biometrikoak, aldiz, izurrite baten moduan hedatu direla (tira, hori da nire pertzeptzioa), eta haiekin batera gero eta eskaintza zabalagoa ikusten da, adibidez, baskula adimentsu eta halakoetan.
  • IFA logo
    IFA azoka izaten da denboraldiko lehenengo hitzordua

    Samsung, LG, Motorola… Apple bera ere —antza esan beharko, zurrumurrua benetan zaharra baita— erloju eta bestelako gailu adimentsu berriak aurkezten edo aurkeztekotan dabiltza egunotan. Trepetatxoen denboraldia irailaren 5ean hasiko da, Berlingo IFA kontsumoko elektronikaren azoka zabaltzearekin batera, eta enpresa batzuk egunotan hasi dira jadanik azokan zer aurkeztuko duten kontatzen.

Azken hamabi hileotan bilakaera azkar-azkarra izan dute erloju adimentsu horiek, eta badirudi denboraldi berrirako lehia izango dela ea nork ateratzen duen erlojurik borobilena. Esan nahi dut, fisikoki borobilena. Badirudi telefonoen diseinutik aldendu eta erloju klasikoen itxurara hurbiltzeko ahaleginetan dabiltzala egileak. Eta onartu behar zaie duela urtebete baino askoz ere produktu dotoreagoak lortu dituztela. Hona dagoeneko erakutsi dituzten aukeretako batzuk.

Moto360 erloju adimentsua
Diseinuan baino ez bada ere, salto handia eman dute erloju adimentsuek iaztik.

Motorola Moto360

Motorolak ekaina amaieran erakutsi zuen Moto360 erlojuaren lehen bertsio bat, eta orduantxe hasi erloju borobilen inguruko gerratxoa.

Inbentutxoa Android Wear sistema eragilearekin dabil, gailu txikietarako moldatutako Androiden aldaera batekin, eta ordua emateaz gain, agenda, sare sozialak, mezularitza, GPS nabigazioa eta abar luzea ere eskainiko du.

Motorolak irailaren 4an aurkeztuko du era ofizialean, telefono pare batekin batera.

LG Watch R

lg-g-watch-r
LGren erlojuak Motorolarenak baino askoz ere itxura deportiboagoa du.

LGk ere ‘Watch R’ delakoa aurkeztuko du Berlinen, gabonetarako kanpainarako salgai izateko asmoz. LGren prentsa bulegoaren despiste bati esker jakin denez, erlojua urrian jarriko dute salgai Alemanian, 299 euroko prezioaz.

Motorolaren aukeraz baino askoz ere informazio tekniko xeheagoa topatu dut honen inguruan: honek ere Android Wear sistema eragilea eramango du, Qualcomm Snapdragon 400 prozesadorea, 512ko RAM memoria eta 4 Gb-ko barne memoria, eta 410 mAh-ko bateria. Horrek esan nahi du dagoeneko merkatuan dagoen LG Watch karratuak bezalaxe, gutxi gorabehera egun beteko iraupena izango duela karga bakoitzeko. Bihotz erritmoaren jarraipena egiteko sentsorea ere izango du.

LG Watch R 299 euroko prezio gomendatuaz salduko ei dute Alemanian urritik aurrera. Gora Google Translate!
LG Watch R 299 euroko prezio gomendatuaz salduko ei dute Alemanian urritik aurrera. Gora Google Translate!

Samsung Gear S eta Gear Circle

Samsung ere aurrera doa bere Gear linearekin, eta aitortu beharko zaio lehiakideen estilotik bereizteko ahalegina, emaitza posiblearen inguruan zalantza handiak izan arren. Pentsa dezakezuen bezala, Gear Circle delakoa borobila da, bai, baina ez da erlojua, lepokoa baizik.

Tira, lepokoa-edo,hain zuzen ere. Gear Circle delakoa lepoan kokatzen da, Bluetooth bidez konektatzen da segapotora, eta dardarka hasiko da telefonoan abisurik izanez gero. Aurreko aldeko itxitura magnetikoa irekiz gero, lepokoa zabalik geratuko da eta, tatxan, Bluetooth aurikularrak izango ditugu eskura. Kontzeptua deigarria da, baina ez dakit nik…

Irekiz gero, aurikularrak dira. Itxita berriz, lepokoa. Ideia originala bada begintzat
Irekiz gero, aurikularrak dira. Itxita berriz, lepokoa. Ideia originala bada behintzat

samsung-gear-s-blueErlojuari berriz, Gear S deitu diote. Karratu kurbatua da, eta beharbada aurreko beste bi horiek baino zarpailxeagoa forma aldetik.

Hori bai, 3G konexio propioa darama, deitu ahal izateko zuzenean, telefono beharrik gabe, eta Androiden ordez, Samsungen sistema eragile propioa darama: Tizen delakoa. Besteek bezala, GPSa, bihotz erritmorako sentsoreak eta abarra ditu. Bateriak, Samsungen arabera beti ere, lau eguneko autonomia ematen dio.

Prezioen inguruan inork ez du ezertxo ere esan momentuz, baina esango nuke 300 eurotik (nahiko)  gora ibiliko direla guztiak. Izatekotan, lepokoa izan liteke merkeagoa, ikusiko dugu. Nire urteak azaroan dira, sorpresa eman nahi badidazue!!! XD

4 iruzkin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.