Eguneratua!
2016/04/07:
Instalatzaile automatikoa sortu dugu hau dena errazteko! 😉
2015/11/23:
Xuxen.eus-ek prestatutako eskuliburura lotura

Instalatu Xuxen Mac OS X sisteman 1 - teknopata.eusMac OS X sistema eragileak dituen gauza on guztien artean, sistemaren zerbitzu gisa dabilen zuzentzaile ortografikoa da bat. Hari esker, edozein aplikaziotan idazten dugun testuen zuzentasun ortografikoa zaindu dezakegu.

Horraino dena oso polita, bai… baina badakizue Apple ez dela oso-oso euskaltzalea. Sistemaren zuzentzaile ortografikoa hainbat hizkuntzatan erabil daiteke, baina Aitorren hizkuntza zaharra ez da horietako bat.

Gauzak horrela, Mac-ean euskara ultrazuzena erabili nahi/behar dugunok oso aukera gutxi dugu: OpenOffice.org zen LibreOffice ofimatika paketeak, Firefox/Thunderbird tandema, eta honezkero guztiz zaharkituta dagoen Office 2008. Nik dakidala, horiek dira euskarazko zuzenketak egiteko aukera duten Mac aplikazioak.

Baina lasai, Mac OS X 10.6 ‘Snow Leopard’ bertsiotik aurrera, oso erraza da sistemari euskaraz zuzentzen irakastea, Hunspell zuzenketa motorea librea eta Xuxen-eko lagunen lanari esker. Ez naiz teknizismo handitan sartuko (berehala konturatuko baitzinatekete ideiarik ere ez dudala!), baina azkar azaltzeko, kontua da Appleren zuzentzaile ortografikoak Hunspell izeneko zuzenketa sistema librea darabilela, OpenOffice.org-k darabilen berbera! Beraz, nahiko da sistemaren zuzentzaileari Hunspellerako zuzenketa hiztegiak ematea, gure Mac-ak euskarazko ortografia zuzentzen hasi ahal izateko.

Prozedura oso erraza da, azpiko pausuei jarraitzea baino ez duzu. Hala ere, informazio gehiago behar baduzu, oso eskuliburu txukuna topatuko duzu Xuxen.eus webgunearen Mac OS X atalean.

        1. Deskargatu Xuxenen Hunspell bertsioa. Bi artxibo dira: eu_ES.aff eta eu_ES.dic.
        2. Hartu bertan bi fixategiak (eu_ES.aff eta eu_ES.dic) eta zure disko gogorreko /Libreria/Spelling karpetan kopiatu.
        3. Ireki sistemaren hobespenak, eta ezarri Euskara sistemaren hizkuntza gisa. Zure sistema bertsioaren arabera Idioma y texto aukeratik egin beharko duzu, edo bestela Idioma y región izenekotik. Kasu bietan, prozedura berdintsua da:
          1. Gehitu Euskara erabil daitezkeen hizkuntzen zerrendara
          2. Behin zerrendan daukazula, arrastatu Euskara zerrendako lehen postura. Bideo honetan ikus dezakezu nola egiten den ezarpenetan “Idioma y Texto” daukaten bertsio zahartxoagoetan.
        4. Hurrengo pausua sistemaren zuzentzaileari euskaraz zuzentzeko eskatzea da. Horretarako:
          • Zure ezarpen panela Idioma y Texto bada:
            1. Aukeratu ‘Texto’ fitxa. Honelako zerbait ikusiko duzu:Instalatu Xuxen Mac OS X sisteman 2 - teknopata.eus
            2. Ziurtatu ortografiako hizkuntzen artean, “Euskara (Librería)” agertzen dela. Hala ez bada, gehitu ezazu “Configurar” aukeratik.
          • Zure ezarpen panela Idioma y Región bada:
            1. Euskara zerrendako lehena jarri ondoren, sakatu “Panel de Preferencias Teclado” botoiari.
            2. Irekiko den panelean, “Texto” fitxa aukeratu.
            3. Ziurtatu ortografiako hizkuntzen artean, “Euskara (Librería)” agertzen dela. Hala ez bada, gehitu ezazu “Configurar” aukeratik. Ikusi hemen:

Kitto! Prest duzu zure Mac-a euskaraz idazten duzunean ere zuzenketa ortografikoak egiteko! Zuzenketa horiek (ia) edozein programatan egin ditzakezu Editar >Ortografía menutik. On egin!!!

 

8 erantzun

  1. leire narbaiza 2011(e)ko azaroak 1
  2. agonirena 2011(e)ko azaroak 1
  3. maialen 2012(e)ko azaroak 8
  4. Sergio Ibarrola 2015(e)ko abenduak 27
  5. Asier 2016(e)ko urtarrilak 12
    • joxe 2016(e)ko urtarrilak 12
  6. fernando lopetegi 2016(e)ko martxoak 1
    • joxe 2016(e)ko martxoak 5
  7. Pingback: Xuxen 5 Mac instaladorea – Teknopataren txokoa 2016(e)ko apirilak 7

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.