Zorionak Mac OS X

2001eko martxoaren 24an, Applek salgai jarri zuen Mac OS X sistema eragilearen lehen bertsio ‘ofiziala’, 10.0. zenbakia zeramana. Artean hiru urte ziren lehen iMac-ak irten zirela, eta urte erdia falta zen lehen iPodak argia ikus zezan. Beldurrik gabe esan daiteke “Cheetah” ezizena zeraman sistema eragileak inflexio puntua markatu zuela Appleren historian.

Mac OS X erditze luuuze baten ondoren jaio zen. 1990eko hamarkadan, Applek gorriak ikusi zituen, Mac ordenagailu eskaintza desordenatu eta garestiegia eta, batez ere, Mac haiei bizitza ematen zien Mac OS sistema eragilearen zaharkitzearen ondorioz. Oinarrian 1984ko Macintoshen sisteman oinarritzen zen garai hartako Mac OS sistema, petatxoak bata bestearen gainean ezarrita. Txarrena memoriaren kudeaketa zen: sistemak memoria esparruak babesten ez zituenez, nahiko zen aplikazio batek errorea ematea sistema eragile osoa kolgatzeko. Arazo hori areagotu egin zen Mac OS 7.5etik aurrera, sistemak generazio zaharreko Motorola 68k eta PowerPC erakoei euskarria eman behar zienean.

Zorionak Mac OS X 1 - teknopata.eus

Mac OS 7.5en erabiltzaileo torturatzen gintuen mezua: Error Tipo 11

Arazo horiek ikusita, Apple generazio berriko sistema eragile bat sortzeari ekin zion. Sistema modernoa nahi zuten, memoria babestua zuena, aplikazio batek huts egitean osorik jausiko ez zena… eta Mac OSen betiko erabiltzaile esperientzia atsegina emango zuena. Copland ezizena jarri zioten proiektuari… …eta hainbat aldiz huts egin ondoren, ideia bertan behera utzi behar izan zuten Cupertinon.

Zorionak Mac OS X 2 - teknopata.eus

BeOS, garai batean Mac OSen ordezko segurutzat jotzen zena

Sistema berriaren beharra gorria zen, hala ere, eta Apple inguruan bilatzen hasi zen, sistema hirugarren bati enkargatu edo erosteko asmoz. Hautagai nagusiak hiru ziren:

  1. urte batzuk lehenago Applen bertan aritutako Jean Louis Gasseék sortutako BeOS, garai batean irabazle ziurtzat ematen zena; hain ziurtzat ezen Gasseé harroegi jokatzen hasi zen Appleren aurrean, harik eta Apple nekatu eta Be enpresa antzarrak ferratzera bidali zuen arte.
  2. BIgarren aukera… horreur! …Microsoft bera zen! Gates prest zegoen Windows NTren bertsio bat egokitu eta Appleri saltzeko, eta negoziazioak oso-oso aurreratuta izatera ailegatu ziren, Applek hirugarrenaren alde egin zuen arte.
  3. Appletik urte batzuk lehenago kaleratu zuten Steve Jobs, eta hark beste informatika enpresa bat sortu zuen, NEXT izenekoa. Ordenagailu propioak egin zituen garai batean, baita haientzako sistema eragilea. Zaila izan zen, batez ere Jobsek ez zuelako ezer jakin nahi kaleratu zuen enpresaz, baina azkenean Applek NEXT erosi eta haren sistema eragilea, NEXTSTEP, Appleren txapaypinturatik pasa eta Mac OS X bihurtu zen.
Zorionak Mac OS X 3 - teknopata.eus

NeXT CUBE, gaur egungo MacPro-en aitona

Zorionak Mac OS X 4 - teknopata.eusMac OS Xen jaiotzak espektazio handia sortu zuen. Hilabete batzuk lehenago, Applek beta publiko bat jarri zuen salgai. Haren sorpresarik ikusgarriena erabiltzaile interfazea zen. Aqua deitu zioten, eta ordura arte ikusi gabeko estetika zaindua zuen: lehio eta menu gardenak, kolore biziak, ordura arteko sistema grisetatik oso urruti… Jobsek aurkezpenean esan zuenez ‘ikustean miazkatzeko gogoa ematen duen interfazea sortu dugu’.

Hori bai, Mac OS X 10.0 hura oso kritikatua izan zen, gauza asko eta asko baizituen hobetzeko

  • Multimedia euskarria guztiz garatu gabe zegoen: Mac OS Xen multimedia funtzioak kontrolatzen dituen QuickTime guztiz garat gabe zegoen, eta beraz ez zegoen DVDrik ikusterik, esaterako. Askotan oso motel funtzionatzen zuen, sistemaren kodeak artean zeukan ‘debug’ kode bolumenaren ondorioz…
  • Interfazea oso ezberdina zen Mac OS 9tik, eta hartan sarri erabiltzen ziren hainbat gauza (Sagarraren menua pertsonalizatzea, esaterako, ezinezkoak ziren).
  • Horrenbeste kolorinekin, diseinu alorreko maczaleak berehala hasi ziren kexatzen: interfazeak distortsio gehiegi sortzen zuen koloreak xehetasun handiz bereizi behar dituztenentzat.

Zorionez, Mac OS Xek ‘Classic’ ingurua zekarren, Mac OS 9 emuladore moduko batean exekutatzeko softwarea. Horrela, sistema berriarekin inkonpatibleak ziren aplikazio gehienak erabiltzen jarraitzeko modua bazegoen….

Hain zuzen ere, Classic inguru hori da hamar ute hauetan galdu den funtzioetako bat. Denborarekin, Mac OS X helduago egin zaigu, kolorintxuak alde batera utzi eta askoz ere irudi sobriagoa du orain. Ea zer sorpresa datorren 10.7 bertsioarekin, itxuran behintzat aldaketa handia ekarriko dituela ematen du eta….

4 Comments

  1. Luistxo 2011(e)ko martxoak 25
  2. joxe 2011(e)ko martxoak 25
  3. Internet-Historia 2011(e)ko martxoak 26
  4. joxe 2011(e)ko apirilak 2

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.