Zorionak Mac OS X!

Zorionak Mac OS X! 1 - teknopata.eus

BeOS, Mac OS 8ren oinordekoa izateko baztertutako hautagai nagusienetakoa

Hamar urte denbora asko da informatika kontuetan. 2000. urtean, Mac ordenagailuak 1984an sortutako sistema eragilearen bertsio partxeatua zen Mac OS 9 sistemarekin zebiltzan eta, urte batzuk lehenago Microsoftekin sinatutako akordioaren arabera, Internet Explorer zuten defektuzko nabigatzaile gisa. Nahiko zen aplikazio batek huts egitea sistema osoa botatzeko. Uneko Mac estaziorik potenteenak 400 Mhz-ko PowerPC G4 prozesagailua zeraman. USB eta FireWire atakak berrikuntza ziren… Interfazeari dagokionez, grisa zen nagusi: zenbat eta interfaz grisagoa, orduan eta sistema sendoagoa.

Lau urte ziren Applek Steve Jobsek bertatik kaleratua izan ondoren sortutako NeXT enpresa erosia zuela,  belaunaldi berriko sistema eragile propioa sortzeko ahaeginetan amore eman eta bere garaian Appletik kaleratutako beste ingeniari batek, Jean Louis Gaseek, sortutako BeOS sistema erosteko ideia baztertu ondoren.

Zurrumurru etengabeak ziren ordura arte Rhapsody ezizenarekin ezagutzen zen sistema eragile berriaz: PCetan ere exekutatzeko aukera emango ote zuen, Macintoshetan Windowseko aplikazioak exekutatzea ahalbidetuko ote zuen… Eta orduan, 2000ko irailean, Applek, Steve Jobsen ahotik, noski, erabiltzaile arruntentzako Mac OS X aurkeztu zuen. Lehenago merkaturatua zuen Mac OS X Server izeneko beste bat, finean NeXTen sistema eragilea zena.

Berrikuntza teknikoak asko ziren: memoria babestua, preemptive multitasking delakoa… baina mundu osoa liluratuta utzi zuena Aqua izan zen, sistemaren interfaze berria. Jobsek berak aurkezpenean esan zuen moduan: ‘miazkatzeko gogoa ematen duen interfazea’. Irailean aurkeztu eta aste gutxira jarri zuten salgai Beta Publikoa. Bai eta nik erosi ere. Inkunableen artean daukat gordeta:

Inkunablea

Inkunablea

30 euro inguru kobratu zuten beta harengatik, gero bera bezain beta zen Mac OS X 10.0.0 erosterakoan deskontatzen zutenak. Oso-oso-oso beta zen egia esan: QuickTime erdizka zebilen, hardwarearen erdia ikusi ere ez zuen egiten, mantso-mantso zebilen, arazo larriak zituen interfazean (hain koloretsua zen ezen lan askotarako traba ere egiten zuen)… baina, ai! Onartu beharra dago aro berri bat ireki zuela sistema eragileen eta, batez ere interfazeen munduan, ezta?

Mac OS X beta publikoaren mahaigaina

Mac OS X Beta publikoaren mahaigaina. Irudian: CD erreproduktorea (iTunes iristearekin betiko desagertu zena), Finder lehio bat, Sistemaren Laguntza Zentroa eta aktualizadorea. Ikusten duzue non dagoen menu barrako sagarra? Ez zuen ezertarako balio, estetika kontu hutsa zen.

Enfin, ba hori, tontamentean, Mac OS Xek 10 urte bete dituela. Zenbat aldatu den bera eta zeeenbat aldatu garen gu!!!

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.