Trepetak

Espainiatik dator notizia…

Asus EEE PC mini portatilak sortutako oldeak ez du baretzeko asmorik. Kontzeptu beraren bertsio asko ikusi ditu jadanik: Estau Batuetatik iritsi zaizkigu batzuk, beste batzuk Ingalaterra aldetik… Gaurkoan beste txikito bat aurkeztu beharrean gaude, oraingo honetan hurbilagotik datorrena eta, itxuraz, egun gutxi barru salgai egongo dena.

Lau konfigurazio, bakoitza lau koloretanAiris enpresa espainiarrak aurkeztu berri duen Kira da ipotxen familiako azkena, eta ez du, ez, itxura txarrik (ez besteek baino txarragoa, gutxienez): zazpi hazbeteko pantaila, 1024x768ko bereizmenarekin, bozgorailuak, webcam, Giga bateko prozesagailua eta, aukeran, 2, 4 edo 40 Gigako edukiera. RAM memoriaz ere ez dabil txarto: 512 eta 1024 Mb bitarteko aukerak eskaintzen ditu Airis enpresaren gutizia berriak. Konektibitatean ere ondo samar dabil: WiFia, Ethernet portua eta modema ere badauka internetera konektatzeko.

Hori burdinari dagokionez. Softwarean berriz, Fedora Linuxen bertsio bat darama Kirak, beren-beregi moldatutakoa, eta gazteleraz, ingelesez eta frantsesez erabil daitekeena. Bestela, 50 euroren truke, Windows XPrekin ere erosi ahal izango da. Aurrez instalatuta ekarriko du txikitoak sistema eragilea, eta, badaezpada ere, CD batean ere entregatuko da makinarekin batera, zer gerta ere.

Kirak lau modelo ezberdin izango ditu, edukiera eta RAM memoriaren araberakoak, Airisen arabera “apirilaren erdialdetik aurrera” salgai egongo direnak, 299 eta 389 euro bitartean, BEZ barne. Hala ere garesti irudituz gero, ordenagailu egileak eskaintza berezia du bere webgunean: ordenagailuarekin batera Telefonicaren Duo 3Mb zerbitzua kontratatuz gero, txikitoa 99 eurotan eskuratzeko aukera izango da.

Aukeratzea gero eta zailagoa, ezta?

2 iruzkin

  • Jabi
    2008(e)ko apirilak 20 at 13:11

    Beno, zuk dagoeneko eeepc erosi duzunez gero… Nik Bilboko dendan galdetuko dut eta daukaten eta agian DUOarena ere egingo dudanez gero… Ea egia den eta ea daukaten, bihar bertan galdetuko dut.

    Reply
  • joxe
    2008(e)ko apirilak 20 at 13:18

    ERROREA: NIk ez dut ezer erosi, taxista lanak egin ditut soilik. (Ni momentuz moldatzen naiz PDA + teklatuarekin). Gaur kexuka deitu du EeePCa rosi duen lagunak, ez duela lortzen internetera konektatzea hizkuntza aldatzeko eta ez dakit zer…

    Kontatuko didazu zer erantzuten dizuten! Bilbon non daukate salgai ba?

    Reply
  • sarean.com » Nano eramangarri “espainiarra”
    2008(e)ko maiatzak 17 at 20:50

    […] CanalPCn hilaren 26tik aurrera hasiko baitira saltzen 284 euroren truke. Joxe teknopataren blogean irakurri nuen Espainiatik datorren notizia. Iragarpenek asmatu dute eta, EEE PC ordenagailu nano merkearen […]

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.