Sailkatu gabe

Hizkuntzak asmatu egiten dira, besteek uler ez diezazuten

Dei beldurgarri bat jaso genuen lehengoan lanean. Telecincoko telebista kanaleko La Noria saioko erredaktore batek gure lekukotza behar zuen, euskal hiztunok eguneroko bizitzan baztertuta gauden ala ez (eta nola) jakiteko.

Bibiana FernandezBadakit beharbada ez dela oso jarrera bipuntuzeroa, baina telebistaren eta saioaren aurrekariak ikusita, erredaktoreari ez erantzutea erabaki genuen. Behatokira bideratu genuen lehenengo eta behin, eta gero, han erantzuten ez ziotela esanda berriro deitu zigunean, Jaurlaritzaren Hizkuntz Politika Sailera. Kexu agertu zitzaigun erredaktorea: “jo, gazteleraz aritzeagatik baztertuta daudenak asko aurkitu ditu, baina euskaraz aritzearren baztertuta dagoenik bat ere ez”. Baieztapen horrek askoz gogo gehiago eman zigun saioan agertzeko, noski. Gogoak gogo, gauza da azkenean bart gauean egin zutela estatuko hizkuntzen gaineko eztabaida.

Jose Maria CarrascalKontestua ulertzeko, lehenengo eta behin elkarrizketa luzea egin zioten Bibiana Fernandez aktoreari. Gero, Zapaterok Gabilondori ‘tentsioa komeni zitzaiola’ esan izana egunotan zenbait politikarik jasan dituzten erasoekin lotzen saiatu ziren. Ondoren Jose Maria Carrascal kazetariarekin ibili ziren solasean eta, azkenik, gure gaia atera zuten: estatuko hizkuntz aniztasuna aberasgarria da, ala elkarbizitzarako traba hutsa?

Gaiaz hitz egiteko, noski, soziolinguistikan adituak ekarri zituzten saiora:

Espainiako Soziolinguistika Klusterra

Esandakoa, seiak ere soziolinguistikan eta hizkuntzalaritzan aditu-adituak. Egia esan, solaskideen aurkezpenak, solasaldiaren ordua bera (goizaldeko 1:30etan hasi ziren!) eta gaia aurkezteko erreportaitxoa ikusita, hasierako beldurrak uxatu egin ziren. Betiko txatxuak txatxukeriak bata bestearen atzetik errepikatzen, nork astakeria handiena esango, benetako helburua, gaiaz benetan eztabaidatzea baino, ikuslea esna mantentzea zela. Hasteko eta bat, Rafa Torres horren azalpena: “Gezurra da hizkuntzak komunikatzeko sortzen direnik, besteek ez ulertzeko asmatzen dira!”. Hortik aurrera, egin kontu,  PPkoak ere argitu behar izan zion hizkuntzak ez direla egun batetik bestera asmatzen

Tira, zuen bizitzako 40 minutu inguru galdu nahi badituzue bilis apur bat botatzen, hemen behean daukazue bideoa.

2 iruzkin

  • Benito
    2008(e)ko otsailak 24 at 19:04

    Zatitxo bat ikusi nuen neuk ere. Hark hizkuntzak elkarri ez ulertzeko asmatu zirela esan zuenekoa… Sarrera triunfala! Gero betiko oilategia hasi zela ikusi nuenean kendu egin nuen.
    Deigarria egiten zait eskuinak zelan bereganatu dituen diskurtso eta jarrera batzuk, ezkerrarekin gehiago lotzen zirenak tradizionalki: “ez dago eskubiderik”, “botereak baztertzen gaitu”… Horri histerismo tanta batzuk eta oilategi efektua gehitu (oihu eta purrustada gehien botatzen duenari gehiago entzun), eta eztabaidan hura nagusitu dela pentsa daiteke erraz. Tira, Telebilbaon bezala azken batean.

    Reply
  • Marti(n)
    Marti(n)
    2008(e)ko otsailak 25 at 00:57

    Pena! Ikusitakoa ikusi eta gero, hartutako erabakiaz damutu beharko gara, ezta? Eskertzekoa da gizarteari luze-zabal bere iritzia agertzeko medio hauek ematen dioten aukera, eta gu, aukera horiek alperrik galtzen…
    Tira, bideoa ikaragarria! Egia da Benitok dioena. Egunotan Gasteizen ibili diren “baztertutako” guraso horiek adibide argia dira. Arazoaren muina: ezin umeei etxerako lanak egiten lagundu. Trauma itzela zabaldu da gurasoen artean. Sin mas, spain is different!
    Portzierto, Teknopata, apuntau duzu abokatuaren kontaktua? Egunen batean arazo legalik baldin badut uste dut aurkitu dudala defentsarik onena. Hori da argudioen sakontasuna hori!

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.